Zuhaiztiko gizarte zerbitzuetako zentroa handitzen hasi dira
Hiru hilabete iraungo dute lanek, eta hiru bulego berri eta artxibategia egingo dituzte. Horrela, egun Nafarroa-Bera eta Zuhaizti artean banatua zegoen zerbitzua, Zuhaiztin eskainiko dute. Solairu bat handituko dute, 65 metro karratu gehiago irabaziz.
Gros eta Egiako bizilagunen zerbitzurako zentroa da Zuhaizti. 2012. urtean 38.323 pertsona artatu zituzten; 2.760 familia. Profesional talde baten babesa behar duen ororentzat bideratuta dagoen zentroa da, eta autonomia, gizarteratzea eta gizarte-ongizatea hobetzen lagunduko diote behar duenari, aurrez aurreko arretarekin edota zerbitzu espezializatuekin. Iaz adibidez, etxez etxeko ia 500 bisita burutu zituzten.
Gaur egun, 337 familiak baliatzen du etxez etxeko laguntzarako udal-zerbitzua, eta 119 esku-hartze egitasmo daude abian adingabeekin eta euren familiekin.
Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuren arabera, “zentro hau oso garrantzitsua da, jende askoren beharrizanei erantzuten die. Ez da laguntzak eta zerbitzuak kudeatzera mugatzen, baizik eta laguntza psikologikoa ere ematen du. Oso garrantzitsua da jende hori babesgabe ez sentitzea eta haiek jakitea alor publikoak estaliko dituela beren beharrizan oinarrizkoenak».
Gaur egun, Zuhaiztiko gizarte zerbitzuetako zentron arduraduna, lau administrari eta beste bat lanaldi erdian, zortzi gizarte-langile, bi psikologo, bost hezitzaile eta bi terapeuta ari dira lanean.