2014ko udaberrirako 88 baratze publiko jarriko dituzte abian Lau-Haizetako parkean
Lau-Haizeta parkean baratzeak egiteko Plan Bereziari hasierako onarpena emango dio udalak, bertan autokontsumorako baratze publikoak jartzeko asmoz. Horretarako, 45.465 metro karratu egokituko dituzte, Marrus baserritik hurbil, Altzan.
Baratze bat erabili nahi dutenentzat udazkenean irekiko da izena emateko epea. Baratze baino eskera gehiago baleude, zozketa egingo litzateke, hiru adin tarte kontuan hartuta: 18 eta 30 urte bitartean, 31-60 eta 60tik gorakoentzat. Lur sail bat lortzeko bete behar den baldintza bakarra Donostian erroldatuta egotea da.
Eremuaren egokitzapen lanak udazkenean hasiko dira, eta hainbat fasetan burutuko dira. Hala, 2014ko udaberrirako 88 baratze prestatuko dituzte.
Lur sailak erabiltzaile eta beharren arabera egokituko dira; nerri ezberdinetako eremuak prestatuz. Erabiltzaileei komuna, biltokia eta antzeko zerbitzuak emateko eraikin bat ere egingo dute.
Axier Jaka, ingurumen zinegotziaren esanetan, “donostiarrei baratze publiko bat edukitzeko aukera eskaintzea da gure asmoa, nekazaritza ekologikoa bultzatuz; baita aisialdi eredu bat sustatzea ere, landa eremukoak diren ohituretan oinarritutakoa eta naturaren zikloak ezagutzea, beti autokontsumoan oinarritutako nekazaritzaren bitartez”.
Hasierako onarpenaren ondoren, dokumentua erakusketa publikoan izango da 20 egunez, argitaratzen denetik kontatzen hasita eta aurkeztu daitezkeen alegazioei erantzun ondoren behin-betiko onarpena emango zaio, Tokiko Gobernu Batzordean lehendabizi eta Udalbatzan ondoren.