AEK-k euskara sustatzeko eslogan lehiaketa bat antolatu du
Erdaraz pentsatutako esloganak nagusi dira egun, publizitatean. Horregatik, Donostiako AEK-k euskarazko sormena bultzatzeko ekimen bat sortu du: Euslogan. Hain zuzen, euskarazko eslogan lehiaketa bat antolatu du. Lehiaketa honetan euskararen erabilera bultzatzeko asmoa duten esloganak sortu beharko dira.
Ekainaren 20a arte izango da zabalik lehiaketan parte hartzeko epea, eta nahi adina eslogan aurkezteko aukera dago. Esloganak, jakina, euskara hutsean izango dira, eta jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izan behar dute. Euskararen erabilera sustatzeko esloganak izan behar dira aurkezten direnak. Honako helbidera bidali behar dira: donostia@aek.org. Parte hartzaileek izen-abizenak, herria eta harremanetarako telefono zenbaki bat utzi behar dute. Esloganak, bidali ahala, Aek.org/blogak/donostia helbidean zerrendatuko dituzte.
AEKren Donostiako euskaltegietako zuzendariek eta AEK-ko komunikazio arduradunek osatuko dute epaimahaia. Epaia ekainaren 26an jakinaraziko dute arestian aipatu blogaren bitartez, eta apelaezina izango da. Irabazleak 2013-2014 ikasturtean AEKren Donostiako euskaltegi batean euskara ikastaro bat doan jasotzeko aukera izango du.