Garraiolariak manifestazioan, euriari aurre eginez. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gipuzkoako salgaien garraioko langileek lanuzte eta mobilizazio eguna izan dute gaur. Goizeko 9:00etatik 13:00etara egin dituzte lan uzteak, eta manifestazioa 11:00etan, Bulebarretik hasita.
LAB, CCOO, UGT eta HIRU sindikatuek antolatu dute protesta eguna. Sindikatuetako ordezkariek orain gutxi jakinarazi dute 2009.urtetik hitzarmena berritu gabe dutela garraio sektoreko langileek, eta beraz, egun dituzten soldatak eta lan baldintzak 2009.urtekoak direla. Gainera, sindikatuek Guitrans patronalaren jarrera kritikatzen dute, “oztopatzailea” dela iritzita. Patronala uztailaren 7a noiz iritsiko zain dagoela salatzen dute, “hitzarmena bertan behera geratu eta sektorea guztiz desarautzeko.”
German Setien, LABeko ordezkariaren arabera, “gaurkoa patronalari egiten diogun abisu bat besterik ez da; hitzarmenaren aldeko pausorik ez bada ematen greba mugagabe bat hasteko prest gaude”. Gipuzkoako lau mila garraiolariri eragiten die egungo egoerak, eta beren kabuz lan egiten duten beste hainbat autonomori ere bai. Setienen hitzetan, “ezinbestekoa da probintzi mailako lan hitzarmen eguneratu eta orekatu bat finkatzea, sektoreak modu duin batean bizirauteko”.
Sindikatuen arabera, gaurko lanuzteak “erantzun zabala” izan du, garraiolariez gain, bulegoetako langile askok egin baitu bat protestarekin.