Paco Yoldi igerilekua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Larunbat honetan hasiko da udal igerilekuen udako denboraldia. Hala,
Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak eta Yoldiko solarium gunea asteburuan irekiko dituzte. Gainera, aurten kanpoko igerilekuen udako denboraldia irailaren 15a arte luzatuko da, erabiltzaileen eskaerei erantzunez. Bestalde, Anoetako Belodromoko ordutegia ere ordu erdiz luzatuko da
Josu Ruiz, kiroletako zinegotziaren arabera, “udako ordutegiak denboraldiko egun guztietan zerbitzuak erabiltzea ahalbidetuko du. Horretarako, zenbait kiroldegi irekita egongo dira jaiegunetan ere: Yoldi, Zuhaizti, Etxadi, Intxaurrondo, Tenis Ondarreta, Manteo eta Miniestadioa. Eta Yoldi, Intxaurrondo eta Etxadin, udan gehien erabiltzen diren guneetan, igande eta jaiegunetan ordutegia 20:30ak arte luzatuko da. Etxadi eta Intxaurrondo, ordu erdiko luzapena larunbatetan ere egingo da. Beste zenbait kiroldegitan, aldiz, udan kirol pisten erabilera askoz txikiagoa izanik ordutegiak murriztu egingo dira.
Urteko itxiera egunak
Igerilekua daukaten kiroldegien ixteen daten antolaketa berria egin da aurten. Hala, legeak agintzen duen geldialdi teknikoa, beharren arabera antolatuko da. Bentaberri, Altza eta Bidebietan, adibidez, abuztuaren lehenengo hamabostaldian itxiko dituzte kiroldegiak. Intxaurrondo irailaren 16tik 29ra itxita egongo da, udako denboraldia bukatu eta gero. Azkenik, Etxadi, Yoldi eta Zuhaizti kiroldegiek igerilekuen gunea itxiko dute bakarrik, data ezberdinetan.
Urteko ixte antolaketa berri honek instalazio horietan gastuen murrizketa handia ekarriko dute berekin, bai kontsumo energetikoetan, ur kontsumoan edo langileen kostuan ere, prestatzen den zerbitzuan eragina handiegia izan gabe, erabilera asko jaisten denean planifikatu dira eta; edozein kasutan, hiriko beste udal instalazioetan zerbitzua ematen jarraituko dela bermatzen du Donostia Kirolak.
Gainera, ixte hauetan zehar, beste mantentze lanak eta zenbait hobekuntza ere egingo dira, lan hauek urtean zehar zerbitzuan eragina izan ez dezaten. Adibide moduan, Bidebieta eta Bentaberriko gimnasioak handituko dira, Intxaurrondoko spa gunean egokitze lanak burutuko dira, Etxadin biltegi guneak jarriko dira eta gainontzeko kirol instalazioetan beste lan txikiak ere egingo dituzte.