Kultur etxeko aretoa lepo bete dute auzotarrek. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
“Hasieratik jarraitu dut obra, minutuz minutu. Ez da posible orain arteko lanek balio ez izatea. Manifestazio bat egin behar bada, egingo dugu. Loiola, Loiola da; ez da edozer gauza”. Udal gobernuak auzotarrekin izandako bileran hitz egin duen emakume baten hitzak dira horiek, galderen txandan adierazitakoak, Euskotrenen geltoki berriko lanak egingo ote diren kezkatuta.
Loiolako kultur etxean bildutako jendeak norabide horretan egin ditu galderak. Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok erantzun du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa dutela, eta zubi berria eta biaduktua egin, egingo dituztela. Joseba Rodriguez teknikariak ere bere iritzia eman du. “Halako inbertsio bat egin ondoren, ez dute atzera egingo. Hala ere, egia da proiektatutako geltokia oparoegia dela. Hortaz, hor bai uste dut geltoki apalago bat egin dezaketela, baina duina aldi berean”, esan du.