Joseba Rodriguez teknikaria eta Nora Galparsoro zinegotzia, Loiolan egindako bileran. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok, Joseba Rodriguez teknikariak lagunduta, bilera egin du Loiolako bizilagunekin, auzoko kultur etxean. Loiolako Euskotrenen geltoki berriaren proiektua nola dagoen azaltzeko elkartu da auzotarrekin, azken asteetan aldaketak izan baitira egitasmoan, Eusko Jaurlaritzaren jarrerak baldintzatuta.
Hain zuzen ere, Galparsorok azaldu du Gasteizko Gobernuak obra egiteko eta eztabaidagai egon den biaduktua eraikitzeko konpromisoa hartu duela, duela egun gutxi hori guztia ezbaian egon denean. Kezka hori baztertuta, gauza garrantzitsu bat argitu gabe dagoela aitortu du; proiektuaren epeak. Obra 2014. urteko hasierarako bukatuta egotea aurreikusi zuten proiektua aurkeztu zutenean, orain dela hiruzpalau urte. Zenbait obra egin dituzte orduz geroztik; Loiola eta Herrera arteko tunela eta Urumea gaineko zubiaren eraistea, kasu. Jaurlaritzak, baina, ez du gainontzeko obrak egiteko diru kopurua aurtengo aurrekontuan jaso, eta horrek eragin du arazoa. Hori horrela izanda, lanak gauzatzeko epeak aldatu direla jakinarazi du Galparsorok eta, ondorioz, aurreratu du erakundeen arteko batzordearen hurrengo bileran datak zehaztu ditzan eskatuko diotela Eusko Jaurlaritzari. Aipatutako bilera ekainaren 25ean izango da.