Ricardo Burutaran eta Mikel Iriondo. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek eta Mikel Iriondo teknikariak ere hartu dute parte Loiolako kultur etxean egindako bileran; kasu honetan, Loiolako Lorategi Hiriari buruz hitz egiteko. Proiektua oraindik irekita badago ere, eta esku artean zirriborroak besterik ez dituzten arren, izan daitekeenaren zertzelada batzuk eman dituzte.
Aldatuko ez diren ezaugarrien artean, uholdeen aurka hartuko dituzten neurriak daudela nabarmendu dute. Zentzu honetan, Urumea aldean eremu publiko bat egokituko dutela aipatu dute, 6,5 metroko altueran. Pasealeku batek zeharkatuko luke gunea. Era berean, proiektuaren giltzarrietako bat kultur etxea dela jakianarazi dute. Plaza handi bat eraiki nahi dute ondoan, eta kultur etxea bera handitzea ez dute baztertzen.
Bestalde, Loiola eta Loiolako Erriberak lotzea helburu dutela azpimarratu dute, oinezkoentzat eraiki nahi duten bidearekin. Azkenik, ekipamenduak gune arriskutsu eta ilunak desagerrarazteko asmoz eraikiko dituztela esan dute, baita auzoak aparkaleku gehiago izango dituela aurreratu ere.