Arte eszenikoen sorkuntzari eta hedapenari bultzada emateko Eszena T sortu dute
Duela hilabete sinatutako hitzarmena berretsi dute Viktoria Eugenia Antzokiko eta Scene Nationaleko arduradunek. Donostia eta Baiona arteko harremana sendotzea nahi dute, kasu honetan, kultur arloan. Hala, Eszena T izenekoa sortu dute, arte eszenikoei laguntzeko asmoz, dela dantza zein antzerkia. Bi antzokien bidez, sorkuntza eta hedapena indartu nahi dituzte, eta urtean elkarlanean bi ikuskizun ekoiztea jarri dute helburutzat; kontu gehiago ere adostu dituzte, webgune bat abiatzea eta publiko berriarengana iristea, besteak beste. Momentuz, hitzarmenak bi urteko iraupena izango du.
Guztiaren berri eman dute bi antzokietako arduradunek prentsa aurrean, gaur eguerdian, Viktoria Eugenian bertan. Arduradunen hitzetan, Europako arte eszenikoen arloan erreferentzia izango da Eszena T, arte-ekoizpenerako eta hedapenerako. Hala, 2012-2013 denboraldian dagoeneko bi ekoizpen elkarrekin landu dituztela azaldu dute, Apache hip hop dantza (Compagnie Hors Serie) eta Hautsa antzezlana (Parasite Kolektiboa).
Gainera, Nerea Txapartegi udal aholkulariak azaldu duenez, euskarari garrantzia berezia emango diote: “Euskarak lehentasuna izango du antolatuko ditugun tailer eta topaketetan”.