Bi realzalek 3.500 euroko isuna jaso dute sakabanaketaren aurkako banderolak erakusteagatik
Antiguako bi realzalek 3.500 euroko isuna ordaindu beharko dute Rayo Vallecanoren futbol zelaian ikurrina bat eta presoen aldeko bi banderola harmailetan erakusteagatik, Naiz.info webguneak jakinarazitakoaren arabera.
Hain zuzen ere, gertaera apirilaren 14ean izan zen, Realak Vallecasen jokatu zuenean. Bi mila realzale inguru hurbildu ziren Madrilera, partida zuzenean jarraitzeko asmoz. Bigarren zatiko 35. minutuan, Poliziak bi antiguatarrak zelaitik eraman eta paretaren kontra jarri zituen, identifikatzeko helburuarekin. Realzale hauek ikurrina bat eta sakabanaketaren aurkako bi banderola zituzten eurekin. Bi hilabete geroago, 3.500 euroko isuna jaso du bakoitzak, eta sei hilabetez ezingo dira futbol zelai batean sartu, debekua jarri dietelako, “futbol zelai batean ikur ilegalak erakustea” leporatu eta gero.