Hiriko hamar elkartek jasoko dute aurten partaidetza egitasmoetarako diru laguntza
Axier Jaka eta Santxo Leizaola, udaleko Partaidetza teknikariak aurtengo Auzo eta Herri Partaidetzako diru laguntzen ebazpena aurkeztu dute gaur.
Ebazpenaren arabera, aurten hiriko hamar elkartek jasoko dute beren egitasmoak burutzeko laguntza. Jakaren esanetan, “auzo eta herri biziak nahi ditugu, parte hartzaileak, eta Donostia dinamiko, sortzaile eta kritikoa eraikitzen lagunduko dutenak; horregatik egin dugu partaidetzaren aldeko apustua hasiera hasieratik”.
Herri mugimendu eta ekimenek izaera autonomoa behar dutela gaineratu du Jakak, eta udalak baliabideak emanez lagundu behar dietela. Helburu horrekin, aurten %30eko handituko dute aurrekontua lantzen diren bi eremuetan. Batetik, denen intereseko gaietan herritarren parte hartzea sustatzen duten proiektuetarako diru laguntzak. Eta bestetik, auzo elkarteek ohiko ekintzetarako dituzten mantentze gastuetarako laguntzak.
Hamar elkarte, hamaika egitasmo
Santxo Leizaola teknikariak azaldu ditu diru laguntza jasoko duten egitasmoak. “Era askotakoak, eta auzo askotan hedatutako egitasmoak dira, bakoitza bere eremuan garatzen direnak, baina guztion aberasgarri”, adierazi du Leizaolak.
Hauek dira diru laguntza jasoko duten elkarteak eta egitasmoak:
-Altza XX Herri Ekimena elkartearen Altza guztion artean.
-Altzako Historia Mintegiaren Altzanet -Altzako sarea.
-Egia Bizirik elkartearen, K1 Donostiara, artea eta auzoko eragileen arteko auzolan sarea bultzatu nahi duen egitasmo berria.
-Herripe auzo elkarteak Herrera eta Intxaurrondoko ingurumena eta auzotarren parte hartzea bultzatzeko ekimena.
-Igeldoko Herri kontseiluak aurkeztu duen 2013rako egitasmoa.
-Antiguako Ikertze elkartearen Auzoa egiten, blog baten bidez auzoa hobeto ezagutarazi nahi duen egitasmoa.
-Intxaurdi auzo elkartearen Intxaurrondo.org orrialdea.
-Larratxoko Osteguna auzo elkartearen, Osteguna papereko aldizkaria.
-Plazandreoak elkarteak, emakumeek politikan duten parte hartzea aztertzen duen ekimena.
-Eta Sarroeta auzo elkartearen, Urumearen inguruko berriak jasotzen dituen Batzorde interinstituzionalaren jarraipena eta elkarlana.
Dena den, diru laguntzak jasoko dituzten egitasmoak hamar hauek badira ere, Leizaolak gogoratu nahi izan du, beste hainbat ekimen eta egitasmo ere garatzen direla hiriko hainbat txokotan; guztiak daude eskuragarri Donostia.org/partaidetza orrialdean.