Hurrengo denboraldian kirol guneak erabiltzeko eskaera egiteko epea ekainaren 28a artekoa izango da
2013-2014 denboraldian udal kirol guneak eskatzeko epea zabaldu dute. Beraz, ikastetxe, kirol elkarte edo beste edozein taldek gaurtik ekainaren 28a arteko epea izango du erreserba egiteko. Denboraldi berria irailaren 1ean hasi eta 2014ko maiatzaren 31an bukatuko da.
Aurtengo berrikuntza nagusia eskaerak egiteko sistema izango da, Donostiakirola.org webgunearen bitartez aurkeztu beharko baitute eskaera interesatuek. Gainera, erreserba bat egin nahi duten elkarteek sisteman erregistratuta egon behar dute, horretarako webgunean adierazten diren urratsak jarraituz.
Urrats berria da hau e-kirol izeneko egitasmoaren garapenean, udalaren kirol zerbitzuaren erabiltzaileekiko harremanak errazteko eta hiritar guztiei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko Donostia Kirolak duen erronka.
Horrela, ekimen berri hau Uda Kanpainako ikastaroen aurretiko izenemateak eta izenemateak edo Kirol Ekintzak Kanpainako ikastaroetan aurretiko izenemateak egiteko aukerari gehitzen zaio. Epe laburrean, Kirol Txartela on-line egiteko aukera ere eskainiko da. Webgunean ere zenbait berrikuntza aurreikusita daude, besteak beste, kirol agenda berri bat, duela gutxi berritu den “Ekin Osasunari!” blogari batuko zaiona.