San Roman: "Erabilera ikusita harrigarria bada ere, gaur egun debekatua dago hirian patinetean ibiltzea"
Aitziber San Roman EAJko zinegotziak hirian patin, patinete edo monopatinen erabilera arautzeko eskatu dio udal gobernuari. Izan ere, gaur egun gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu gailu hauek batetik bestera joateko. Egun indarrean dagoen araudiak patin, patinete eta monopatinen erabilera debekatu egiten du, ordea, horretarako egokitutako guneetatik kanpo.
San Romanen iritziz, egungo mugikortasun errealitatea aldatu egin da, eta behar berrietara egokitu behar litzateke. Ez da EAJk gaia mahai gainean jartzen duen lehen aldia. 2012ko irailean aho batez onartu zen ordenantza berritu beharra, baina “bederatzi hilabete pasa dira eta udal gobernuak oraindik ez du erabakirik hartu”, adierazi du San Romanek.
Patin, patinete eta monopatinak garraio bide moduan arautzea eskatzen du beraz EAJk, eta ez kirol edo aisialdirako tresna gisa, orain dagoen moduan. Horrela, “gailu hauen erabilera gero eta nabariagoa den honetan, mugikortasun eta bizikidetza orekatuago bat lortuko litzateke”, nabarmendu zinegotzi jeltzaleak.