Itxuraz hutsik dagoen etxebizitza Parte Zaharrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udalak hutsik dauden etxebizitzen behin behineko errolda egin du, eta gaurtik aurrera, etxebizitza horien jabeek jakinarazpen bat jasoko dute. Agiri horretan, beren etxebizitza hutsik egoteagatik Ondare Higiezinen Zergan (OHZ) ehuneko 50eko gainordaina izango dutela jakinaraziko zaie.
Jabi Vitoria, Ogasun aholkulariaren arabera, “tasa berri honen helburua ez da dirua biltzea, alokairurako etxebizitzen merkatua handitzea baizik.Jabeei zama ekonomiko bat jarriz, erabilpenik gabe dituzten etxebizitzei irtenbide bat ematen ahaleginduko direla uste dugu”. Helburu berarekin beste neurri batzuk ere hartu dituzte. Etxebizitza hutsetan konponketak egiteko diru laguntzak ematea, adibidez, etxebizitza hori gutxienez bost urtez alokatuko denaren baldintzarekin.
OHZren tasa berriaren jakinarazpena jasotzen duten etxe jabeek hilabeteko epea izango dute erreklamazioak egiteko. Epe hori bukatzen denean, udalak gainordaina kobratzeko agindua emango du, azaroan gutxi gora-behera.
Bestalde, Juan Mari Trueba, Bilketa bulegoko arduradunaren arabera, prozesu hau herritarrei ahalik eta berme gehien eskainita burutu da, eta “etxebizitzen azterketa sakon bat egin da, etxebizitza hutsen errolda ahalik eta errealena izateko”, gaineratu du.
Zerga berriaren aurkako mezua hondartzan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Azterketa horretarako biztanleen errolda, katastroa eta ur kontsumoak aztertu dira. Hala, udal teknikariek zerga berria kobratzeko moduko 4.890 etxebizitza atzeman dituzte.
Horietatik, 1.652 inor bizi ez den etxebizitzak dira. Kontagailua irakurrita, zero markatzen dutenak. Hauek zuzenean gainordaina ezartzeko moduan dauden kasuak dira.
Beste 2.929 etxebizitzatan ezin da kontsumorik zehaztu, kontagailu orokorra dutelako.
Beste 400 etxebizitzatan ere ez dela inor bizi uste dute. Bakoitzak bere kontagailua du, baina arrazoi ezberdinengatik teknikariek ezin izan dute kontsumoa zehaztu. Atal honi dagokionez, hasiera batean 2.500 etxebizitza zerrendatu baziren ere, 400era murriztea lortu dute, kasu askotan eskuz egin delarik azterketa.
Tasa berria jasango duten etxebizitza hutsen errolda honetan leudeke adibidez, denbora luzez salgai dauden etxebizitzak. Aldiz, udan edo urteko sasoi zehatzetan bakarrik erabiltzen diren etxebizitzak gutxieneko ur kontsumora iristen dira normalean, beraz ez dute ordaindu beharrik izango.