Legez kanpoko eta kaleko artearen jaialdia
http://vimeo.com/68681900
Larunbatean LEKA jaialdia egingo dute Kortxoenea gaztetxean. Kaleko artean ibiltzen diren hainbat artista eta kolektibo bilduko ditu.
Badator LEKA jaialdia. “Pentsamendu arraroa sortzeko tresna bat, jai bat eta ondo pasatzeko egun bat”, horrela definitu dute jaialdia. Groseko Kortxoenea gaztetxeak kaleko artegintzari eskaini dion ekitaldi berezia da. Eta zergatik eskaini diote kaleko arteari? Ba Kortxoenea bezala, kaleko artea ere, periferian sortutako artea delako: “Periferian egon den arte mota bat da, boterearen indarretatik alde egin duena. Kaleko arteak, gainera, artearen merkatutik alde egiten du. Hor sortzen da hain zuzen pentsamendu kritikoa. Kortxoenea ere, kaleko artea bezala, espazio periferiko batean dago, eta autogestioaren bidetik sortu den proiektua da”.
Kaleko artegintza elkartzeko asmoz antolatu dute LEKA edo Legez Kanpokoa. Jaialdi “desberdina eta originala” da, antolatzaileen hitzetan. “Bertan ikusiko dutena ez dute beste inon ikusteko aukerarik izango. Gauza desberdinak eskaintzen dituen jaialdi bat da”, azaldu dute. Ez ohikoa denaz, arrarotasunaz, folkloreaz, kulturaz, arteaz… Horretaz guztiaz ariko dira jaialdian. Joan den urtean ere egin zuten, baina beste izen batekin: Karrika Festa. Logoa, ordea, mantendu egin dute: Poxpolin gonarekin jantzitako Ertzaintza da jaialdiaren irudia.
Tresna originalekin gauzak sortzeko jaialdia da. Kortxoenean pertsona guztiek sortzeko gaitasuna dutela uste dutelako. Goizean, DJek musika jartzen duten bitartean, tailer ugari egingo dira, hainbat kolektibok prestatuta. Edonork parte har dezakeela azpimarratu dute antolatzaileek. Eta tailerretan parte hartu bakarrik ez, beste edozer gauza sortzera ere joan daiteke jendea: “Edonor etor daiteke Kortxoeneara, bere spray edo pintura poteekin. Askatasun osoz eta zentsurarik gabe edozer sortzeko aukera emango du Kortxoeneak.”. Gaztetxean bertan gauzak sortzeko materiala ere emango dute, eta laguntza emateko prest egongo dira; baina etxetik ere materiala eramateko gomendioa eman dute.
Askotariko tailerrak daude. Su itzaltzaileekin graffiti tailer bat esaterako. IBB kolektiboak itzaltzaileak pinturaz nola betetzen diren azalduko du dute: “Graffiti mota hauek ez dira ikusi Euskal Herrian, bai ordea Alemania bezalako herrialdeetan”. Goroldioarekin graffitiak nola egin ere irakatsiko dute beste tailer batean. Iaz bezala, buru beroki tailerra egingo dute. Bakoitzak bere buruberokia egingo du, eta baita bere bandera propioa ere: “Ez dugulako inoren banderarik ez ikurrik behar, sor ditzagun gure bandera propioak”. Mischa Canibal-ek berriz, Errealitate Areagotua eta graffitiari buruz hitz egingo du; eta smart phone-en bidez aplikazio hau graffitiaren munduarekin lotuko du.
Bazkari beganoaren ondoren, arratsaldean, aurtengo munduko arte ekintza garrantzitsuenen gainbegiratua, eta hainbat proiekturen aurkezpenak izango dira. Eta gauean, 21:30ean, Inoren Ero Ni eta Jupiter Jonen kontzertuak izango dira.