Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak 'Hegi, Egi, Egiak' ikuskizuna eskainiko dute
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren Bake-ituna proiektuaren inguruko ekimenak, 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea hizpide izango dituztenak, ekainaren 28an hasiko dira.
Hitzaurre gisa, ordea, hiru ekarpen artistiko egingo dira, ‘Aldiriak’ izeneko sailaren barruan. Lehena, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziaren Hegi, Egia, Egiak ikuskizuna da. Gaur, ekainak 20, egingo dute arratsaldeko 20:00etan, San Telmo Museoan, Udal Liburutegiko sotoan eta Bretxa merkatalgunean.
Ondoren etorriko dira Bulegoa z/b-ren Denboren polifonia eta Hormaren kontrako ekoizpenak eta Oier Etxeberriaren Pure data.
Hegi, Egia, Egiak ikuskizuna
Ikuskizun hauek Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak sortutako proposamena da. 1813ko testuingurua abiapuntu hartuta, garaiko erreferentziak eta gaur egunekoak konbinatuz konposatu dute. Musika, soinu, hitz eta bertsoa ditu oinarri eta ikuspuntuaren arabera errealitateak har ditzakeen forma anitzen gaineko ariketa da.
Proposamena emanaldi hirukoitza da, hirukoitza eta aldiberekoa. Hau da, hiru emanaldi izango dira hiru leku desberdinetan eta aldi berean. San Telmo Museoan, Udal Liburutegiko sotoan eta Bretxan. Beraz, ikus- entzuleak bere ikuspuntua, bere entzute-puntua aukeratu egin beharko ditu.