Gozogileek prentsaren aurrean eman diete azken ukitua pastelei, goikaldeko gorringoa txigortuz (Argazkia: E. Zabala)
Duela hilabete batzuk Pastelak taldea osatu zuten Gipuzkoako bederatzi gozogilek. Elkarlanean arituz, Euskal Herriko gozogintzari bultzada ematea dute helburu, eta bide horretan, aurkezpen berezia egin dute gaur goizean. Izan ere, Donostiaren erreketaren eta berreraikitzearen bigarren mendeurrenarekin bat eginez, pastel berezia sortu dute, eta Bretxako merkatuan egin dute aurkezpena, erosketak egiten zabiltzanen begiradak bereganatuz. Zehazki, hostopilezko tarta da aurkeztu dutena, gorringo txigortuarekin, esne-gainez eta kremaz beteta. Gainera, txokolatezko irudi bat ere gehitu diote, 1813ko hiria irudikatzen duena, harresi irekiarekin. Gozogileek prentsaren aurrean bertan eman diete azken ukitua pastelei, gorringoa bertan txigortuz, hala, hiriaren erreketan sortutako su eta ke hori gogora ekarri dituzte.
Donostiako Barrenetxe, Geltoki eta Etxabe, Errenteriako Casa Aramendia, Tolosako Gorrotxategi, Zarauzko Sayalero, Ordiziako Unanue, Azpeitiko Egaña eta Elgoibarko Muruamendiaraz dira Pastelak taldeko kideak. Hala, bihartik aurrera, gozotegi horietan guztietan egongo da pastel berezia enkarguz erosteko aukera.
Toti Martinez de Lezea, amabitxia
Toti Martinez de Lezea idazlea hautatu dute gozogileek pastelaren amabitxia izateako, berak idatzitako
La Brecha liburuarengatik. Bertan, Maritxu Altuna txokolategileak, erasoaldian, bere gozodendarekin jarraitzea eta defendatzea erabakitzen baitu. Idazleak, ordea, ezin izan du aurkezpenera joan, izan ere, Zilarrezko Perretxikoa jaso du Orduñan. Hala ere, gozogileek ziurtatu dute proposamena oso gustukoa izan duela, eta amabitxia izatea onartu duela.
Hiriaren bigarren mendeurrenaren hainbat ekitalditan parte hartuko du Pastelak taldeak. Gaurko aurkezpenean aurreratu dutenez, uztailaren 21ean, pastel erraldoi bat egingo dute, 1.500 lagun ingururentzat, Cervantes Plazan.
-
-
Gozogileak tea Josu Ruiz alkate ordea pastelaren aurkezpenean (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Gozogileek pastelen goikaldeko gorringoa txigortu dute prentsaren aurrean (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Lau tamainatako pastelak aurkeztu dituzte gozogileek (Argazkia: E. Zabala)