Lingolang, hizkuntza aniztasuna erakusten duen egitasmoa aurkeztu dute
Ikastetxeetan Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna ezagutarazi eta lantzeko egitasmoa da Lingolang. Euskaltzaleen Topaguneak jarri du abian, eta gaur egin dute Lingolang.net webgunearen aurkezpena.
Euskaltzaleen Topaguneak hizkuntza ekologiaren aldeko apustua egiten du munduko hizkuntza gutxiagotuak normalizatze bidean. Horregatik Ekobiran, kontsumo eta ohitura jasangarrien azokan parte hartu du, hizkuntza ekologiari buruzko postu bat jarriz. Gehiago badira ere, Euskal Herrian hitz egiten diren 43 hizkuntzatako oinarrizko hitzen euskarazko itzulpenak biltzen dituzten hiztegitxoak eskura daitezke bertan.
Postua jartzeaz gain, esan bezala Lingolang egitasmoa aurkeztu dute. Itsaso Lekuona, egitasmoaren arduraduna eta beste hainbat agintariz gain, proiektuan parte hartu duten haurrak ere izan dira aurkezpenean, eta oroigarri bana jaso dute. Gaurtik aurrera ikusgai egongo da euskal herri eta hirietan dagoen hizkuntza aniztasuna ezagutzeko tresna garrantzitsua izango den webgunea.
Lingolang egitasmoa
Jatorri ezberdinetako haur eta gazteak dira Lingolang.net webguneko protagonista, eta haien bidez egiten da hizkuntza aniztasuna ezagutzeko ibilbidea, oinarrizko hitz eta esaldiak hiztunen ahotik entzunez.
Aniztasuna aberastasun gisa ulertuta, kudeaketa egoki baten bidez, hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko bizikidetza ahalbidetzea da egitasmoaren helburua, bertakoa den hizkuntza, kasu honetan euskara, indartuz.
Zarautz, Orio, Aretxabaleta, Bergara, Azkoitia, Zaldibia eta Donostia dira momentuz egitasmoan parte hartu dutenak. Euskara, gaztelera, errumaniera, errusiera eta mongoliera erabiltzen duten haurren ahotsak entzun daitezke Donostiako atalean adibidez.
Hizkuntza aniztasunak ematen duen aberastasuna egoki kudeatu eta hiztunen ekarpenak biltzen jarraituko dutela adierazi dute Euskaltzaleen Topagunea elkarteko kideek.