Jon Albizu, ezkerrean, Ernesto Gascorekin hizketan. (Argazkia: Nagore Koch)
Ekaineko udalbatzarrari ekin diote 13:00etan, eta dagoeneko erabaki garrantzitsu bat hartu du Udalbatzak. Hain zuzen ere, Bildu, EAJ eta PPren aldeko botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin, autoak udal bide publikoetan aparkatzeko tasak arautzen dituen zerga ordenantza berria adostu dute. Aldaketa fiskala Loiolako Erriberan eta Morlansen TAO sistema ezarri ahal izateko egin dute. Bi auzo horietan gune berdea egokituko dute; autoa aparkatzeko tarifa merkeena, alegia. Puntu horretan udal talde guztiek bat egin dute; PSE-EEk, barne.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk adierazitakoaren arabera, “erabaki honek bat egiten du Bilduren filosofiarekin; egoiliarrei lehentasuna ematea, eta kanpokoek aparkatzeko duten aukera arautzea”. Hori bai, Albizuk gogoratu du Bildu ez zegoela Loiolako Erriberan TAO sistema jartzearen alde, Loiolan izan zezakeen eraginagatik, baina udalbatzarrak onartu zuelako eta akordio orokor baten ondorioa delako aurrera egin dutela azaldu du.
Eta hala da, akordioa ez da Loiolako Erriberan egingo dituzten aldaketara mugatzen, orokorragoa da. Zerga ordenantza berriak beste aldaketa batzuk jasoko ditu, hauek bai, udal gobernuaren begirunearekin. Morlansen ere gune berdea jarriko dute, eta Kursaal ingurua gune berezi bezala egokituko dute; hau da, Erdialdeak duen trataera bera emango diote Ramon Maria Lili eta Zurriola arteko eremuari. Egoiliarren autoei tartea uzteko hartu dute erabakia, Grosen izango diren zenbait lanek baldintzatuta. “Peña y Goñi kalea oinezkoentzat bihurtuko dugunez, eta Usandizaga kalean ere aldaketak izango direnez, egoiliarrek lekua galduko dute. Horregatik egingo dugu aldaketa hau. Kasu honetan ere gure asmoa ez da dirua biltzea, egoiliarren aparkatzeko aukera erraztea baizik”, berretsi du Mugikortasun zinegotziak.
Era berean, Amara Berrin, Mendeurrenaren plaza eta Pio XII. arteko eremua, gune gorri bilakatuko dute. Urdina da gaur egun. “Egoiliarrek toki gehiago izango dute. Erdialdera doan jendeak gune hau aukeratzen du aparkatzeko, eta hori saihestu behar dugu”, erantsi du Albizuk.
Amaran eta Grosen izango diren aldaketekin bat egin dute EAJk eta PPk; PSE-EEk, ordea, horren alde ez dagoela azaldu du, eta horregatik abstentzioaren hautua hartu duela esplikatu du. “Loiolako Erriberan izango diren aldaketak babestu ditugu, are eta gehiago tarifa merkeena denean. Amara eta Groseko irtenbideak, aldiz, ez zaizkigu egokiak iruditzen, are eta gutxiago garai hauetan, merkataritzak pairatzen ari dena ikusita”, argudiatu du PSE-EEko zinegotzi Denis Itxasok.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, bere aldetik, zerga ordenantza honetan lortutako akordioa goraipatu du, eta Loiolako Erriberan eta Morlansen TAO sistema ezartzea euren ekarpena izan dela ekarri du gogora. “Guztien artean egindako lanaren adibide on bat da”, esan du.
PPren zuzenketa batek osatu du akordioa, aldaketa nagusiak baldintzatuko ez duena. EAJk, PSE-EEk eta PPk berak aldeko botoa eman diote zuzenketari; Bilduk, kontrakoa.