Emakumearen Triatloiaren aurreko urte bateko irudia (Argazkia: Raul Perez)
Donostiako Atletikoren eskutik, aurten ere bi triatloi izango dira hirian, Gipuzkoako eta Donostiako triatloi federazioen laguntzarekin. Emakumeen artean kirola egiteko ohitura bultzatzeko helburuarekin, Emakumearen V. Triatloia egingo dute larunbatean, 15:00etan; Onditz Oroituz Nazioarteko XXVIII. Triatloia, berriz, emakume zein gizonentzako proba izango da, eta igandean jokatuko dute, hiru irteerekin: 9:15ean emakumeak, 9:30ean gizonezkoak, eta 9:35ean gizonezko ez federatuak.
Emakumeen larunbateko lehiak honako distantziak izango ditu: 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletaz, eta 2 kilometro korrika. Igandean, berriz, 1.500 metro egin beharko dituzte igerian, 40 kilometro bizikletaz, eta 10 kilometro korrika. Bi lehiak Kontxatik abiatuko dira, igeriketa saioarekin.
Nazioarteko lehia geroz eta son handiagoa lortzen ari da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, duela hilabete eta erdi itxi behar izan zuten izen ematea, gehiengo partaidetzara iritsi zirelako. Gainera, hobetze aldera, aurten helmuga Bataplan parean jarriko dute, hala, ikusleek bi aldeetan jartzeko aukera izango dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken asteetan Gurutze Gorriak bi triatloi bertan behera utzi ditu medusa edo marmoka delakoen arriskuagatik. Hala, asteburu honetan halako arriskurik egongo balitz, partaideek igeriketa saioa korrika egitearen truke ordezkatu beharko lukete.