Berrehun erraldoi bildu dira Erdialdeko kaleetan (Argazkia: E. Zabala)
Duela 200 urte donostia erre eta berreraiki zutela gogoratzeko, hiriaren erdialdeko kaleak hartu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildutako 200 erraldoik. Bilkurari 11:30ean eman diote hasiera, eta Bilbo plazatik, Santa Katalina plazatik eta Loiola kaletik abiatu dira dantzan, Donostiari musika eta kolorea emanez. Erraldoi bakoitzak 1813tik igarotako urte bat ordezkatzen zuen, eta tartean buruhandiren bat ere ikusteko aukera izan da. Donostiako Itzurun konpartsarekin batera, Baiona, Lizarra, Hondarribia, Errenteria-Orereta, Bilbo, Deba, Lizarra, zein Barakaldoko konpartsak elkartu dira, besteak beste, bakoitza bere musikariekin. Bulebarrean elkartu dira guztiak 12:45 inguruan, eta elkarrekin
Artillero dale fuego dantzatu dute. Ondoren, bideari jarraitu diote, eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatuz abuztuaren 31 kalean bildu dira berriro ere; sutearen urtean zutik geratu zen kale bakarra, hain zuzen ere. Donostiarren eta bisitarien begiradak bereganatu dituzte erraldoiek, eta ez zen gutxiagorako; handiagoak, txikiagoak, itsusiak, politak, bertako pertsonaiak irudikatzen zituztenak… denetariko erraldoiak ikusteko aukera izan da.