Ainhoa Larrañagak irabazi du Emakumearen V. Triatloia (Argazkia: Donostiako Atletiko)
Donostiako Atletikok antolatutako Emakumearen V. Triatloian 200 emakume inguru lehiatu dira, gaur arratsaldean. Ainhoa Larrañaga izan da guztien artean azkarrena, Donostiako Atletikoko kidea, hain zuzen ere. Kontxako uretan hasi dute lehia partaideek, eta lehorrean, Kontxako pasealekuan bukatu dute. Guztira, 300 metro egin dituzte igeri, zortzi kilometro bizikletaz, eta bi kilometro korrika. Neke aurpegiak, baina aldi berean, egindakoarekin harro geratutakoarenak ikus zitezkeen partaideen artean. Ikusle asko bildu dira lehia zuzenean jarraitzeko eta emakumeei animo oihuak ez zaizkie falta izan.