100=001 Literatura lehiaketa
Plazara Goaz, Intxaurrondoko Euskaldunon Elkarteak antolatutako 100=001 literatura lehiaketak baditu irabazleak. Parte hartzaileek 100 hitzekin osatutako testu bat aurkeztu behar zuten. Guztira 11 lan aurkeztu dituzte, eta haien artean bi hautatu ditu epaimahaiak. Maddi Mutuberria Irazoki-k irabazi du lehiaketa. Haien ustez, lan txukun askoa da, borobila, eszena indartsua iradokitzen duena. Lehiaketaren irizpide nagusia 100 hitzetan istorio bat sortzea zen, eta epaimahaikideen ustez, Mutuberriak bete-betean asmatu du bere istorioa eta irizpidea uztartzen.
MUGA
Muga jarri nahi diot agurrari. Ehun hitz. Askotan pentsatu izan dut azken eguna balitz nola edo zer esango nizukeen, Aitona. Eta zaila da. Zerrenda luzea imajinatzen dut nire buruan. Horregatik lana erraztu dit honek. Ehun hitz ditut sentitzen dudana aitortzeko, bueno hobeto esanda, berrogeita hamar inguru. Ez dugu hurbiltasunik lortu, tamalez, baina zure memorian berrogeita hamar hitz eramatea espero dut. Gure oroitzapen konpartitu falta betetzeko edo. Esan nahi dizut min ematen didala; hamabost urte pasa ditugu batera, baina ez dugu elkar ezagutzeko aukerarik izan. Ez dugu batak bestea maitatu. Eta bazoazenean konturatu naiz ixilik geldituko direla beste mila hitz.
Epaimahaiaren iritziz, lanen artean bada saria mereziko lukeen bigarren bat: Maider Liceaga Lecuberen Agur Nagusi lana. Beraz, 100=001 Literatura lehiaketaren accesita da.
AGUR NAGUSI
Parkera al goaz? Kaxa batean? Hau bai arraroa, baina berdin dio, zuk zainduko nauzu ni, ezta nagusi? Eta nik zu, beti elkar babestuko dugu. Zergatik sartzen nauzu maletegian? Ez. Mesedez, ez. Ilun dago. Beldur naiz. Ez, ez dut beldurrik izan behar, nagusiak zainduko nau. Gelditu al gara? Kaxa hartu du, primeran, oraintxe bertan aterako nau hemendik. Hau! Bai gogorra dagoela lurra. Hemen zirrikitu bat dago, aterako naiz. Nagusi, nora zoaz? Aizu! Ez zaitez autoan joan, nitaz ahaztu zara! Mesedez, ez nazazu bakarrik utzi, ez dakit etxera bueltatzen. Hemendik aurrera ondo portatuko naiz, benetan. Ez zaitez joan, maite zaitut!