Gipuzkoa plazan 38 postu egokitu dituzte. (Argazkia: E. Zabala)
Bost egun daramatza zabalik Liburu eta Disko Azokak, Gipuzkoa plazan, eta uztailaren 14a arte bertan izango da. Saltzaileen arabera, asteburuan mugimendu gorakada nabaritu duten arren, ez dute gehiegi saldu momentuz, eta aste lasaia espero dute. Zehazki, 38 postu egokitu dituzte euskal sortzaileen lanak ezagutarazteko eta saltzeko, eta produktu guztiek %10eko deskontua dute. Haur, gazte, zein helduentzako liburuak topa daitezke postuetan, baita diskoren bat ere. Saltzaile pare batekin hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAk, gaur goizean, egoeraren berri jakiteko. “Oraingoz gutxi saldu dugu, asteburuan gorakada egon zen, baina atzo inor gutxi ibili zen. Begiratzera etortzen da jendea, eta oraingoz, umeentzako ipuinak saldu ditugu gehien”, dio Txalaparta argitaletxeko Alos Egañak. “Umeentzako ipuinak eta gazte literatura ditugu. Ipuin erotikoak ere badauzkagu, eta gainontzekoa helduentzako literatura da”, gehitu Egañak.
Elkar , Txertoa eta Eusko Jaurlaritzaren postuan dago Maider Goikoetxea, eta berak ere gutxi saltzen ari direla dio. “Denetarik dago. Badago galdezka hurbiltzen den jendea edo begiratzera besterik gabe hurbiltzen dena. Begiratu asko begiratzen dute, baina erosi…”, aipatu du Goikoetxeak. Liburu salduenen arten, honakoak aipatu ditu Goikoetxeak: Toti Martinez de Lezearen
Mareas eta Mari Dueñasen
El tiempo entre costuras.
Azoka egunero egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara. Gainera, 18:00etan, hainbat idazle bertaratuko dira, beren lanen inguruan eztabaidatzeko eta liburuak sinatzeko. Aurten, gainera, euskal emakume idazleen inguruko erakusketa jarri dute postuen artean. Horretaz gain, azokarekin lotutako jarduerak egiten dituzte ia egunero Udal Liburutegiko sotoan, Parte Zaharreko San Jeronimo kalean: Poesia errezitaldiak, idazleen hitzaldiak, liburu aurkezpenak… bihar, esaterako, Iñigo Bolinagaren
Sinfonia guerrera aurkeztuko dute, 11:00etan.
Liburu txikienen postuak interesa piztu du paseoan zabiltzanen artean. (Argazkia: E. Zabala)