Atano III.a frontoiaren 50. urteurrenaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Uztailaren 17an, Atano III.a ireki zuten egun berean, ospatuko dute frontoiaren 50. urteurrena. Mende erdia ospatzeko pilota eta pilotariak protagonista izango diren jaialdi bat antolatu dute.
Donostiako udala, Gipuzkoako eta Euskal Herriko Pilota Federazioak eta ASPE eta ASEGARCE enpresak elkartu dira Atano III.ari merezitako omenaldia prestatzeko. Mikel Arregi, Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakariaren esanetan, “pilota munduaren norabidea aldatzen ari da; azken urteotan Atano III.a frontoia baztertua geratzen ari da, baina ezin dugu ahaztu maila goreneko pilotalekua dela, eta pilotaririk onenek jokatu dutela bertan. Horregatik, guztion elkarlanarekin Atano III.ari bultzada ematen espero dugu”.
50. urteurreneko jaialdiaren aurretik alkateak plaka bat jarriko du , eta Donostiako frontoia pilotari eta pilotazaleen topaleku bihurtuko da. Izan ere, Irujo eta Zabaletak, Olaizola II eta Albizuren aurka jokatuko dute. Gainera, pilota partidaren aurretik Atano III.a frontoian txapela lortu duten pilotariak omenduko dituzte, oroigarri bat emanez eurei, edo euren senideei.
Jaialdia uztailaren 17an ospatuko da, gaueko 22:00etan. Sarrerak egunean bertan erosten badira 35 euro ordaindu beharko dira kantxakoak eta 20 euro goialdekoak eta errebotekoak. Aurretik 25 eta 15 euroan egongo dira salgai.