'Ezabatu eta euskaraz bizi' kanpaina abiatuko du EHEk
Hiriko kaleetako hizkuntza paisaia nagusiki erdalduna izaten jarraitzea “penagarria” dela uste du Euskal Herrian Euskarazek.
Donostiako Euskal Herrian Euskarazek Ezabatu eta euskaraz bizi kanpaina abiatuko duela plazaratu du ohar baten bidez: “Penagarria da gu ibili behar izatea estatuarena izan behar lukeen lana egiten, baina egin behar dutenek ez badute egiten, guk egin beharko dugu”.
Hiriko seinaleak, errotulazioa, errotulazioa… Hizkuntza paisaia “euskalduntze esfortzu ezaren isla garbia” da Donostiako Euskal Herrian Euskarazen ustez, eta erdara nagusi izatea “penagarria” dela adierazi du: “Seinale batzuetan ‘San Sebastian’ bezalako hitzak agertzea dugu honen adibide garbia. Bertako hizkuntzan den Donostia jarriz gero jendea galdu egingo al da? Errazagoa al da gizakiontzat ‘San Sebastian’ hitza ikastea? Guztiok dakigu zer den Donostia; beraz, ez dago ‘San Sebastian’ hitza aipatu beharrik”.
Erdal izena erabiltzeko aitzaki gisa turistak erabiltzen dituztela azaldu du EHEk. Baina hain zuzen ere, turistek ‘Donostia’ zer den oso erraz ikasten dutela uste du. Kanpotarrek erdal izena erabiltzearen arrazoia bestelakoa dela uste dute: “Ezagutaraztera eman den izena erdarazkoa izan da; hori da errotik aldatu beharreko benetako arazoa”.
Hizkuntza paisaiarenaz gain beste hainbat arazo plazaratu ditu EHEk: “Salbuespen egoera batzuk direla eta bertako hizkuntza egoera zapaldu batean dago. Orain arteko gobernuak egoera honetaz jabetu eta beharrezko aldaketak egin beharrean, egoera normaltzat hartu dute, baldintzetara ohitu eta hauek aldatzeko desirarik erakutsi gabe”. Hain zuzen, egoera hau normaltzat hartu eta bere horretan mantentzeko askok elebitasunaren diskurtsoa erabiltzen dutela salatu du: “Bi hizkuntza jakitea aberasgarria dela esaten dute, eta ados gaude. Errealitatean ordea euskaldunok gara elebidunak: erdaldun elebakarrek bertako hizkuntza baztertzen dute. Elebitasun faltsua da beraz”. Egoera honen atzean euskaldunek erruaren zati bat dutela esan dute, erdaldun elebakarren jokoan erortzen direlako: “7 euskaldun + 1 erdaldun = 8 erdaldun ekuazioa onartzen dugu. Egoera horren aurrean intsumiso izan eta egoera bera aldatzea, gure esku dago”.
Hezkuntza arloa ere nabarmendu du du EHEk. Bi hizkuntzak ikasten direla esaten dutenek gezurra esaten dutela salatu du: “Gaur egun Donostian, berez ‘hiriburu euskaldunenean’, 10.100 ikasle ari dira erdal ereduetan ikasten. Zein arazo eduki dute ikasle hauek bertako hizkuntza ikasteko? Zein diktadurapean egon dira?”. Oraingoa “iruzurraren diktadura” dela salatu du: “Milaka ikasle urtero bertako hizkuntza jakin gabe ateratzen badira, beti egongo gara arazo berarekin, konpondu ezinik. Hau gutxi balitz, Wert-ek egoera are okerrago jarri nahi du orain bere inposizio berriekin”.