Zaldi lasterketa, hipodromoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zailtasun ekonomiko ugari izan badituzte ere, gaur aurkeztu dute Donostiako hipodromoko denboraldi berria. Igandean, uztailak 7, hasiko dira zaldi lasterketak eta irailaren 13a arte jokatuko dituzte; guztira 62 lasterketa. Igandetan eta astelehenetan izango dira zaldi probak, eta urtero bezala, abuztuaren 15ean jokatuko da Urrezko Kopa.
Krisia dela eta, hipodromoko eskaintza egokitu behar izan dute. Aurten adibidez, saio bakoitzean bost lasterketa egingo dituzte, sei beharrean. Antolatzaileen arabera, zaldi kopurua jaitsi egin da, eta saio bakoitzeko parte hartzea bermatu nahi izan dute horrela. Lasterketa gutxiago baina “punta puntako zaldiak eta kalitatezko lasterketak eskainiko ditugu aurten ere”, adierazi du Peio Urtasun, hipodromoko kudeatzaileak. Atzoko eguna ere gogoratu nahi izan du Urtasunek, 97 urte bete baitzituen atzo hipodromoak.
Denboraldi berria abian jartzeko laguntza eman duten babesle guztiei eskerrak eman dizkie Urtasunek, hipodromoko kudeatzaileak, eta laguntza horiei esker, lehiaketen kalitateari eustea lortu dutela adierazi du. Aurten ia 900.000 euro banatuko dituzte saritan. Sarrerak zazpi euroan salduko dituzte, eta aurten sarrerarekin batera bi euroko apostua egiteko aukera eskainiko dute.
Berrikuntza eta lehiaketa berriak
Hipodromoko denboraldi berria indartsu hasiko dute. Datorren iganderako 79 zaldi daude izena emanda, eta bigarren saiorako 72 zaldi. Denboraldi osoan ia 200 zaldik parte hartzea espero dute. Horien artean nazioartean punta puntan dabiltzan zaldiak, Australiako Day zaldia esaterako, iaz Urrezko Kopan hirugarren postuan sailkatu zena.
Peio Urtasun, Josu Ruiz eta Marta pastor, hipodromoko denboraldiaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aurten gainera, hogeita sei urteren ondoren, Fegrenti federazioko emakumezko zaldizko lasterketa ospatuko dute. Fregenti emakumezko nahiz gizonezko zaldun zaletuen nazioarteko federazioa da. Irailaren 1ean izango da lehiaketa, eta Europako emakumezko zaldizko onenak elkartuko dira bertan.
Bestalde, Milagroko Dehesa etxeak zaldikoen enkantea egingo du bigarren urtez. Irailaren 14an egingo dute, eta Urtasunen hitzetan, “ikuskizun irekia da, doan, eta etorkizuneko odol garbiko zaldiak bertatik bertara ikusteko aukera bikaina”.
Krisi garaiari aurre eginez, eskaintzarik txukunena prestatzen saiatu dira Donostiako hipodromoan. Edaritegia konpondu dute, eta zaldien irteera box-ak ere berritu dituzte. Izan ere, “espainiar estatutik eta atzerritik, Frantzia eta Inglaterratik batez ere, izen handiko zaldunak etorriko dira, eta denak, zaldi, zaldun nahiz ikusleak gustora geratzea izango da gure helburua” adierazi du Peio Urtasunek.
2016ko Kultur Hiriburutzarako antolatu diren jarduerekin ere bat egingo du hipodromoak, beraientzat ere oso data garrantzitsua izango baita, orduan beteko baitituzte ehun urte.