Txartel bakarraren emaitzen berri emateko eskatu dio PPk udal gobernuari
Martxoan jarri zen abian Mugi txartela. Txartel bakarraren helburua herritarrei erraztasunak eman eta garraio publikoaren erabilera areagotzea da. Ildo horretan, PP alderdiko kideak ados egon dira hasieratik txartel bakarra ezartzearekin, baina Iñigo Arcauz zinegotzia kezkatuta agertu da, lau hilabeteren ostean ez dutelako ordainketa sistema honen gaineko baloraziorik jaso.
Arcauzen hitzetan, “bi hilabetero bilera bat egitea adostu genuen udal gobernuarekin, baina oraindik ez dugu inongo daturik jaso. Baina, emaitza kaskarrak izango direlakoan gaude, eta horregatik, bilera bat eskatzen diogu udal gobernuari, lehenbailehen argibideak eman ditzan”.
Zuatzuko autobus zerbitzua
Garraio publikoaren gaiarekin jarraituz, Zuatzura doan autobusaren ibilbidea luzatzeko eskatuko dio PPk udal gobernuari. Izan ere, Iñigo Arcauzen esanetan, “Zuatzun enpresa eta zerbitzu berriak sortu dira, haur eta emakumeen arretarako zentro bat esaterako, eta Dbusen ibilbidea enpresa gunearen bukaeraraino luzatzea beharrezkoa dela uste dugu”.
Gaur egun Zuatzuko lehen biribilgunean geratzen dira autobusak.