Gasco: "ez dugu onartuko AHTaren Atotxako geltokia bertan behera geratzea"
Espainiako hainbat komunikabidek zabaldu dute albistea: aldaketak egongo dira AHTren proiektuan. Aurreikusitako zati batzuk ez dira eraikiko, eta beste egitasmo batzuek aldaketak izango dituzte; tartean Donostian egin beharreko Atotxako geltokia.
Aurreko akordioen arabera, Atotxako geltokia estalia izango zen, eta estalki hori plaza bat bihurko zuten, Tabakaleraren atari moduan.
Atotxako geltokia aurreikusirik zegoen moduan ez dutela egingo jakitean haserre agertu dira PSE-EEko kideak. Bai Donostiako Udalekoak eta baita Madrilen, Diputatuen Kongresuan jarduten dutenak ere. Hala, Ernesto Gasco eta Odon Elorza elkarrekin agertu dira gaur prentsa aurrera.
Odon Elorzak esan du Abiadura Handiko Trena Donostiara iristea “izugarri kosta” zitzaiela: “Ezin dugu ahaztu EAJk Astigarragan jarri nahi zuela geltokia, eta sahiesbide bat eraiki Donostiaraino. Ika mika eta bilera askoren ondorioz lortu genuen trena Donostiaraino iristea, eta lotsagarria iruditzen zaigu Rajoyren gobernuak bere hitza ez betetzea eta Donostia horrela kaltetzea”.
Hori horrela, Donostiako PSE-EEko ordezkariek gaia aztertzeko eskatuko dute hurrengo udalbatzarrean. Eta Elorzak bere aldetik, mozio bat aurkeztuko du Diputatuen Kongresuan.
Ernesto Gascoren arabera, “Atotxako geltokia ez egiteak kalte handiak sortuko dizkio Donostiari; bai ekonomikoak eta baita irudiari dagozkionak ere. 2016rako egitasmo garrantzitsuenetariko bat izan behar zuen Abiadura Handiko Trenaren geltokia itxura berritzaile batekin egitea. Madril eta Paris arteko ibilbidean dago Donostia, eta hala ere ez zaio duen garrantziarik ematen”.