Txikijazz programaren egitaraua aurkeztu dute. Goizez egingo dituzte haur eta gaztetxoentzako jarduerak, Kursaaleko terrazetan.
Jazzaldiak lehen aldiz haur eta gaztetxoentzako programa berezi bat prestatu du.
Txikijazz izeneko egitaraua aurkeztu du gaur. Musikaz eta arteaz gozatu eta teknologia berriekin harremanetan jartzeko aukera izango dute txikienek eta familiek. Jarduera guztiak euskaraz egingo dituzte eta Kursaaleko terrazak izango dira elkargunea.
Uztailaren 26an (10:15-11:00 eta 11:30-12:15) egingo duten kontzertu didaktikoa nabarmendu dute antolatzaileek. Musikanaiz elkarteko kideek jazzaren historiaren nondik norakoak azalduko dizkiete 3 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei. Zer da swinga? Zein paper betetzen du kontrabaxuak jazz banda batean? Finean, jazzaren kontzeptu nagusiak azalduko dizkiete, modu dibertigarrian.
Kontzertu didaktikoaz gain, hainbat tailer egingo dituzte. DJ Makalak sorkuntza tailer bat egingo du uztailaren 27an eta 28an (10:30-11:30 eta 12:00-13:00). Iphone, iPod Touch eta iPad gailuek eskaintzen dituzten aplikazio berriekin trebatzeko aukera izango dute haurrek. Musika ezagutuko dute eta musika sortzen irakatsiko die Makalak. Benetako DJak balira bezala ariko dira tailer honetan. Tailer honetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da arestian aipatutako gailuren bat eramatea. Gainera, aplikazio batzuk instalatu beharko dira gailuetan: DJ Mix, Figure eta Soundcloud.
Informazio gehiago hemen. Izena ematea beharrezkoa da. Jazzaldiaren informazio bulegoan eman behar da izena uztailaren 15etik aurrera.
Eta askoz gehiago… Crearte gunean Blami artista donostiarrak kamisetak margotzen irakatsiko die haurrei. Erreserba egitea beharrezkoa da tailer honetan. Matrial birziklatuarekin musika tresnak egiten irakatsiko diete Musikanaiz elkarteko kideek: danborrak, turutak, marakak… Jolasgune bat ere izango da 3 urtetik gorakoentzat.
-
-
Haurrak kamisetak margotzen. (Argazkia: N.L.)
-
-
Blami sortzailea haurrekin, Txikijazz programaren aurkezpenean.. (Argazkia: N.L.)
-
-
Musikanaiz elkarteko kide batzuk. (Argazkia: N.L.)
-
-
DJ Makala. (Argazkia: N.L.)