Javier Gurrutxaga eta ‘Popotxo’, 24. Beldurrezko Asteko protagonistak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Orquesta Mondragoneko bi taldekide donostiarrak mozorrotu dituzte 24. ekitaldiaren irudirako.
Fantasiazko zinema klasikoa eta Orquesta Mondragon talde mitikoa omendu ditu 24. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak. Tod Browningen The Unknown (1927) filmeko Alonzo oinazetua eta ipotxa irudikatu dituzte aurtengo kartelean. Eta nortzuk sartu dira pertsonaia hauen larruan? Orquesta Mondragoneko bi taldekide donostiarrak: Javier Gurrutxaga eta Pedro Ayestaran Popotxo.
Hain zuzen, Orquesta Mondragonek Garras humanas abestia eskaini zion film honi, eta Gurrutxagaren lehen liburuak ere izen bera darama. Josemi Beltran zuzendariak adierazi du Orquestra Mondragon taldean betidanik izan duela indar handia fantasiazko estetikak, eta bertakoak izanik jaialdiak omenaldi bat zor ziola.
Lehen aurrerapena
Kartela aurkeztu dute gaur, eta aurtengo ekitaldiaren lehen aurrerapena ere eman dute. Ikusleek Cannon Filmsi eskainitako zikloa ikusteko aukera izango dute. 80ko hamarkadan zinema fabrika ospetsuenetako bat izan zen, 1993an porrot egin eta Metro Golwyn Mayer-ek bereganatu zuen arte. Bereak izan ziren urte haietako B serieko zientzia fikziozko eta fantasiazko klasikoak: Death Wish 2 (1982), Invasion USA (1985), American Ninja (1985), Cobra (1986) eta Kickboxer (1989). Baita Lifeforce (1985), The Texas Chainsaw Massacre 2 (1986), Invaders from Mars (1986) eta Masters of the Universe (1987).
Okendo kultur etxean ExpoSyFy: fantasiazko bidaia izeneko erakusketa egingo dute. Urriaren 26an inauguratuko dute, eta zinema fantastikoaren eta zientzia fikziozko zinemaren izenburu esanguratsuenetako piezak eta replikak bilduko dituzte bertan: Back to the Future filmeko Deloreanen fluxu kondentsadore mitikoa, Indiana Jonesen latigoa eta V for Vendetta filmeko jatorrizko maskara, besteak beste.