Sagues inguruak. (Argazkia: PP)
Ramon Gomez, PPko zinegotziak “hiriko garbitasun falta eta utzikeria” leporatu dizkio udal gobernuari. Bere hitzetan, “harrigarria da Donostiako hondartzak eta inguruak nola dauden, eta baita itsasoko ura bera ere, zikinkeriaz beteta; Bilduk baztertuta dauka hiriko garbitasuna”.
Saguesko inguruak ere aipatu ditu Gomezek. Garai batean “itsas bazterreko lekurik bereziena” zela gogoratu du PPko zinegotziak, ilunabarrak ikusteko herritar eta bisitari askok aukeratzen zutena. “Iaz Bilduk Saguesko kafetegia eta komun publikoak istea erabaki zuen, eta orain zonalde hori erabat utzia dago; zikinkeria, usain txarra eta herdoil arrastoak besterik ez dira ikusten”, adierazi du Gomezek.
Gainera, zerbitzuen kudeaketan ere “batere seriotasunik gabe” jarduten duela udal gobernuak adierazi du PPk. Ondorioz, bi eskaera luzatu dituzte. Batetik, hiria txukun mantentzen ahalegina egin dezatela, eta bestetik, hondartzetako zerbitzuak, zakarrontziak, dutxak, komunak eta iturriak, apiriletik urrira erabiltzaileen eskura jar ditzatela.