Zaratak herritarrengan duen eragina murriztu nahi du udalak
Amara, Intxaurrondo, Gros eta Egia dira kutsadura akustiko gehien sufritzen duten auzoak.
Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak ostiral honetan onartuko du hiriko soinu ingurunea hobetzeko ekintza plana. Zarataren eragina jasaten duen populazioa %5 murriztea aurreikusten da. Iaz egindako zarata maparen arabera, egun, biztanleen % 28k (54.891 lagunek), Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakoa baino zarata maila handiagoa jasan behar izaten dituzte eguneko 24 ordutan (65 dbA). Ekintza planari esker, zarata jasaten duen populazioaren ehunekoa murriztuko litzateke %28tatik % 23tara, hau da, 45.089 pertsonari eragingo lioke zarata.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak plan honen garrantzia nabarmendu du, “donostiarron bizi kalitatea hobetzea ekarriko baitu”. Plan honen bidez inpaktu akustikoaren mendeen dauden zonaldeak identifikatu eta mugatu ahal izan dituztela azaldu du, eta, hala, zonaldean aldeko planak garatu eta inpaktu hori murriztu ahal izango dutela.
Zonaldeko plan espezifiko horiek zehaztuko dituzte hurrengo bost urtean eremu bakoitzean ezarri beharreko neurri zuzentzaileak. Planak, alde horretatik, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direneko zonaldeak bereizi ditu, Babes Akustiko Bereziko Alde izendatuko dituena. Zentzu horretan, lau zonalde bereiztu dira, izan ere, ezaugarri antzekoak partekatzen dituzte: ipar-mendebaldea (Ibaeta, Aiete, Erdialdea eta Amara), ipar-ekialdea (Gros, Egia, Altza, Intxaurrondo, Ategorrieta-Ulia eta Mirakruz-Bidebieta), hego-mendebaldea (Añorga, Miramon eta Loiola eta Martuteneko eremu bat) eta hego-ekialdea (Loiola, Martutene eta Baratzategi).
Zarata gehien eragindako eremuak Amara (% 47), Intxaurrondo (% 41), Gros (% 33) eta Egia (% 31) dira. Jakak, dena dela, gogora ekarri du azken zarata maparen bidez datuak eguneratu ahal izan dituztela, aurreko mapa 2003koa baitzen, eta 2010eko datuen bidez, zazpi urtean ingurune zarata % 10 jaitsi da.
Haren hitzetan, kalitate akustikoa urtez urte hobetuz doa; baina ekintza zehatzak bultzatzen jarraitu beharra dago. Alde horretatik, Jakak nabarmendu duenez, aplikatu beharreko arauek kaleko aisialdia eta bide publikoan eginiko jarduerak ingurumen igorle akustikotzat jo ez arren, kontuan izan nahi izan dute alderdi hori ekintza lerro jakinak aplikatzeko: “Gaueko aisialdian helburua da erabileren bateragarritasuna lortzea, jarrerak elkarrengana hurbildu eta auzotarrentzako nahiz ostalarientzako konponbideak bilatuz eta gaueko aisialdia eta atseden eskubidearen arteko elkarbizitza hobetuz. Planak, beraz, kasuistika horri ere erantzungo dio”.
Planak ekintza jakinak proposatzen ditu. Iñaki Irurtia Ingurumen Zuzendariak adierazi duenez, ekintzen artean ondokoak daude: zirkulazio abiadura 30 km-ko aldeak jarrita murriztea, oinezkoentzako aldeak ezartzea, bidegorri sarea handitzea, garraio publikoa indartzea, zoladura akastunak ordezkatzea, altura baxuko hesi akustikoak jartzea, etxebizitzetako leihoak aldatzeko dirulaguntzak ematea, bide-garbitzaileen lan ibilbideak eta ordutegiak egokitzea, hala nola, beste erakundeei pantaila akustikoak har ditzaten eskatzea ere. Aldeko plan espezifikoak definituta zehaztuko dira babes akustiko bereziko alde bakoitzean ezarri beharreko zuzengarriak.