Errauste planta eraikitzea legez kanpo jokatzea litzatekeela esan du Intxaurrandietak
Zubietako errauste plantaren obrak egiteko agindua etetea erabaki du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK). Erakunde horretako presidente Ainhoa Intxaurrandietak arratsaldean eman ditu erabakiaren nonkin norakoen berri, Zubietan bertan. Intxaurrandietak azaldutakoaren arabera, legez kanpo jokatzea izango litzateke errauste planta eraiki izana. Nabarmendu du hiru baldintzengatik ez duela proiektuak Ingurumen Baimen Bateratua betetzen: errauste plantan zaborra erre eta gero geratzen diren hondakin kutsakorrak tratatzeko azpiegitura proiektutik kanpo uztea; sortzen den errauts toxikoen tratamendurako azpiegiturak ez eraikitzea; eta errauste plantaren lur maila baimendu baino hiru metro gorago jartzea.
Intxaurrandietak jakinarazi du enpresekin hitz egin dutela, eta, kalte ordainak ordaindu behar izanez gero, kopurua ahalik eta txikiena izan dadin lanean ari direla. “Gipuzkoarren dirua eta interesak defendatzea da lehentasuna”, erantsi du Intxaurrandietak.