Illarramendi, ezkerrean, De la Bellarekin, entrenamendu saio batean. (Argazkia: realsociedad.com)
Asier Illarramendik Anoeta estadioko prentsa aretoan egin du agerraldia, Realeko presidente Jokin Aperribai eta talde txuri urdineko kirol zuzendari Lorenekin batera. Datorren denboraldian Real Madrilen jokatuko duela berresteko, eta bere bertsioa azaltzeko agertu da komunikabideen aurrean. “Erabakia ez da erraza izan. Asko kostatu zait erabakitzea. Realak dena eman dit, eta naizena Realari esker naiz”, adierazi du mutrikuarrak. Jokalari eta zuzendaritzari onena espero diela esan du, eta Jagoba Arrasate entrenatzailearentzat hitz ederrak izan ditu: “Arrakasta izango dute, eta Jagobari zorterik onena opa diot, pertsona eta entrenatzaile bikaina da”. Erdilariaren arabera, “aukera paregabea da, ezin nuen ezetz esan”. Bertaratutako komunikabideek realzaleei zuzendutako hitzak bota dituzte faltan agerraldiaren hasieran. “Eskertzen diet zaleei atzo Zubietara joan izatea animatzera. Oroitzapen berezia eramaten dut azken bi urte hauetatik”, esan du geroago, baina beste zeozer espero zitekeen, jarraitzaileek bere egoera nola jarraitu duten ikusita. Hori bai, malkoak begietan hitz egin du zenbait unetan.
Aperribaik, bere aldetik, esan du goizean bertan deitu dietela Espainiako Liga Profesionaletik jakinarazteko Real Madrilek klausula ordaindu duela. “Gure asmoa zen hemen geratzea, eta eskertzen diogu gurekin eman dituen urteak. Pena handia dugu”, esan du presidenteak. “Urte garrantzitsu bat dugu aurrean, kirol arloari dagokionez, entrenatzaile gazte batekin. Jokalari guztiak hemen jarraitzea nahi genuen”, aitortu du. Akordioaren nondik norakoak azaldu ditu, eta nabarmendu du ez zeudela prest epeetan dirua jasotzeko. Ezer baino lehenago, hala ere, azpimarratu du hasieratik esan ziotela talde zuriari eta Illarramendiren agenteari ez zeudela negoziatzeko prest. “Kopuru bat proposatu ziguten guk ezer eskatu gabe”, erantsi du. Azkenean, Real Madrilek ia 39 milioi euro utzi dituela Donostian baieztatu du Aperribaik.
Lorenek Aperribaik esandakoaren harira hitz egin du: “Jokalari garrantzitsu bat joaten da, uste baino lehenago, baina lehiakorrak izaten jarraituko dugu”.