Ikertalde enpresako Iñigo Artetxe eta Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos (Argazkia; E. Zabala)
Donostiako Zinemaldiaren eragin ekonomikoari buruzko azterketa egin du Ikertalde enpresak, eta gaur azterketa hortatik ateratako datuen eta ondorio aipagarrien berri eman dute, prentsaren aurrean. Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Ikertalde enpresako Iñigo Artetxek egin dute aurkezpena. Bertan azaldutakoaren arabera, Zinemaldiak iaz 7,5 milioi euroko gastua egin zuen, eta 27 milioi euroko aberastasuna sortu zuen hirian. “Bederatzi egun irauten duten jarduera batentzako oso zifra deigarriak dira”, azpimarratu du Artetxek. Horretaz gain, hainbat herrialdeetako komunikabideek Zinemaldiari egiten dioten jarraipenari esker, hiriaren inguruko oso irudi baikorra zabaltzen da Artetxeren esanetan, eta hori zenbakitan islatzea ezinezkoa da. Izan ere, 1.000 kazetari inguru akreditatzen dira Zinemaldiaren berri emateko. Azken batean, erakutsi nahi izan dute, argi dagoela kulturak ekonomia suspertu dezakela. “Duela hiru urte hartu nuen Zinemaldiaren zuzendaritza, eta lehen urtetik izan nuen halako azterketa bat egiteko gogoa, baina ez dugu lehenago egin sortu zezakeen gastuarengatik. Ona da erakunde publikoek ikustea Zinemaldiak dirua sortzen duela, eta hainbat erakunderi, gainera, jartzen duten dirua itzuli egiten zaie zergen bidez. Argi dago krisi garaian ere kulturak aberastasuna eta lanpostuak sor ditzakeela”, aipatu du harro Rebordinosek.
Prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, hilabeteetako lanaren ondorio dira gaur aurkeztutako datuak, eta aurkezpena egiteko data egokiaren zain egon dira. “Gastu zuzenak eta ez zuzenak kalkulatzeko lan asko egin behar izan dute, ostalariekin hitz eginez, fakturak begiratuz… eta gainontzeko datuak ateratzeko formula bat aplikatu dute”, azaldu du Rebordinosek.
Donostiako Zinemaldiak zuzenean 642 lanpostu sortzen ditu; horietako 82 langilek urte osoan lan egiten dute (40 berezko langile eta 42 kolaboratzaile); gainontzekoek, berriz, Zinemaldiak irauten duen egunetan. Zeharkako eraginei dagokienez, Zinemaldiak Donostiako uda luzatzen du egindako azterketaren arabera, eta horrek ondorioak ditu turismoan. Hala, hirugarren sektorean 11,9 milioi euroko gastua eragiten du. Guztira, 28.025 ostatu-gau sortzen dituzte bisitariek, eta 3,2 milioi euro inguruko balio ekonomikoak sortzen dituzte.
Azterketatik atera duten ondorio nagusia honakoa da: Zinemaldian inbertitzen den ditu guztia biderkatu egiten da, eta horrek eragin baikorra du Gipuzkoa osoan eta, bereziki, Donostian.