Yosigo: "Ura eta itsasoarekin dudan harremana erakutsi nahi izan dut"
Jose Javier Serranok, Yosigo argazkilari donostiarrak, Ura begi-bistan erakusketa Aquariumen aurkeztu du.
Erakusketaren aurkezpenean Irutxuloko Hitzak bisitaren laburpen bat egin du bideo batean.
[Gallery=69]
Ura eta itsasoa dira erakusketa berri honetako argazki guztietan azaltzen diren elementu amankomunak eta Yosigok elementu horiekin zerikusia duten gordetako argazkien bilduma osatu du: “ura eta itsasoarekin dudan harremana erakutsi nahi izan dut”.
Bilduma horretaz gain, erakusketak beste bi atal ditu: alde batetik, Aquariumeko leku ezezagunak erakusten dituen galeria; eta, bestetik, turistek Donostiara iristen direnean egiten duten irudizko ibilbidea. Yosigok azaldu digunez, turistak, orokorrean, udan etortzen dira Donostiara, jendetza dagoenean eta eguzkia egiten duenean, alegia. Baina argazkilariak ibilbide horri kutsu desberdina eman nahi izan dio, lainoz betetako eta jenderik gabeko irudiak erabiliz.
Argazkiak mugikorrarekin, kamera analogikoarekin eta digitalarekin ateratakoak dira eta 2009. urtean Kresala erakusketarekin hasi zen zikloa ixten dute. Ura begi-bistan gaurtik eta abenduaren 8ra bitartean, Aquariumen egongo da ikusgai.