Zubietako errauste planta egiteko agindua bertan behera utzi du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) Zubietako errauste plantaren lanak egiteko agindua bertan behera uztea erabaki du gaur goizean, beraz, proiektua ofizialki geldirik dago gaurtik aurrera.
GHK-ko kideek, tartean Ainhoa Intxaurrandieta lehendakaria, agerraldia egingo dute Zubietan bertan 17:00etan, erabakiaren nondik norakoak argitzeko.
Antza denez, GHK-k lehiaketara atera zuen errauste plantaren proiektuak ez ditu Eusko Jaurlaritzak ezarritako ingurumen baldintzak betetzen.
Izan ere, BERRIA egunkariak argitaratutako datuen arabera, GHK-k hainbat aldaketa egin zizkion Jaurlaritzak baimendutako proiektuari: errausketaren ostean sortzen diren hondakin kutsakorrak eta errauts toxikoak tratatzeko azpiegiturak, esate baterako, proiektutik desagertu egin ziren.
Horrekin batera, errauste plantaren garaiera ere aldatu egin zuten hasierako proiektutik, hiru metro gorago jarrita. Horrek zer ikusmen eragin duen eta kutsadura zabaltzean nola eragiten duen ez zuen aztertu GHK-ko zuzendaritzak.
Aldaketa horiek funtsezkoak direla eta proiektuaren izaera bera aldatzen dutela uste du GHK-k. Ondorioz, proiektua egin nahi izango balitz ere legez kanpoko proiektu bat egingo lukeela uste du.