Berdintasun sailak 43.000 euro bideratuko ditu emakume eta gizonen berdintasuna jorratzeko
Aurten berdintasunaren alorrean lanean ari diren 23 elkarte diruz lagunduko ditu Berdintasun sailak; guztira 43.000 euro bideratuko dituzte emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen jabekuntza lantzen duten elkarteetara, euren proiektuak gauza ditzaten.
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziaren esanetan, “erakunde hauek egiten duten lana aitortu behar dugu administrazio publikotik, azken batean, norabide berean ari baikara, eta elkarlanean jarraitu behar dugu, berdintasunerantz pausoak emanez”.
Elkarte hauek garatzen dituzten proiektuak anitzak izatea azpimarratzekoa dela uste du Sampedrok. Bere hitzetan, “diruz babestu ditugun egitasmoen artean askotarikoak daude, emakumeen jabekuntza sustatzen duten tailerretatik hasi eta indarkeria matxista amaitzeko jardueretara, tartean bereziki gazteei zuzendutako egitasmoak landuz, adin tarte horretan asko baitago egiteko maitasun erromantikoaren mitoarekin amaitzeko”.
Elkarte hauen esku hartze eremuak ere oso zabalak dira; hezkuntza sistema, artea eta kultura, kartzela, aniztasun kulturala, espazio publikoa edo kalea, eta kirola, besteak beste.
Proiektuak baloratzeko hainbat irizpide hartu dituzte kontuan. Hala nola, kalitate teknikoa, proiektuak bere garapenean genero ikuspegia barneratua izatea, emakume elkarte batek aurkeztutako proiektua izatea, ekitaldiak, programak edo zerbitzuak antolatzea, gizartean izango duen eragina eta ondorioa, jardueraren garapenean euskara erabiltzea, originaltasuna eta alderdi berritzaileak izatea, gazteen partehartzea, emakumeen eskubideak, historia eta pentsamendu feminista hedatzea helburu duten proiektuak izatea, besteak beste.
Irizpide horien arabera, elkarte hauek jasoko dute diru laguntza:
-Mujeres del mundo unidas: 1.293 euro.
-Hegaldi: 1.309 euro.
-Uztai belar: 1.455 euro.
-La liga de la leche de Euskadi: 1.374 euro.
-Lagael: 1.972 euro.
-Emakume ausartak: 1.261 euro.
-Asociacion Lleno de naranjas: 970 euro.
-Lagunak: 1.350 euro.
-Intxaurrondo Berri emakume elkartea: 1.617 euro.
-Ostadar: 1.400 euro.
-Asociacion sociocultural Vicuña: 1.180 euro.
-Asade: 1.536 euro.
-Plazandreok: 2.946 euro.
-Lahia Nahia sexologia elkartea: 2.881 euro.
-Bozak emakume elkartea: 2.441 euro.
-A.G.I: 1.795 euro.
-Ongiz elkartea: 2.474 euro.
-Laikotasun elkartea: 2.506 euro.
-Donostiako bilgune feminista Martitz: 2.946 euro.
-AGIPASE: 1.099 euro.
-Aranzazu: 1.423 euro.
-Gipuzkoako emakume bananduen elkartea: 2.897 euro.
-Lilatoia: 2.946 euro.