Jose Ignacio Munilla, Edorta Kortadi eta Banco Popularreko ordezkariak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Santa Maria parrokiak eta Banco Popularrek finantziazio hitzarmen bat sinatu dute. Banketxeak bi milioi euroko mailegua eman die, hogei urtean ordaintzeko.
Izan ere, Jose Ignacio Munilla, Donostiako gotzainak argitu duenez “larri dabiltza” berritze lanak ordaintzeko. 2010. urtean amaitu zituzten lanak. Teilatua eta sabaia konpondu zituzten, besteak beste, eta osotara bost milioi euro kosta ziren berritze lanak. Horietatik, bi milioi gotzaingoak eta parrokiak berak ordaindu zituen. Beste milioi bat udalak eta foru aldundiak ordaindu zituzten. Beraz, bi milioi euro falta dira oraindik ordaintzeko.
Munillak argitu duenez, bestelako diru laguntza batzuk espero zituzten falta den diru hori ordaintzeko, baina azkenean ez dute laguntzarik jaso. Munillaren hitzetan, “ez dakigu krisi ekonomikoaren ondorioz edo sentsibilitate faltagatik izan den, baina ez dugu espero genuen diru laguntzarik jasoko, beraz, gure erara autofinantzatzen saiatuko gara”.
Mailegu bat eskatzea izan da berritze lanen gastua ordaintzeko lehen pausoa. Banco Popular banketxearekin egin dute hitzarmena. Baina orain, mailegu hori itzultzeko hainbat neurri hartuko dituzte.
Alde batetik, hemendik aurrera, Santa Maria elizara datozen turistei bi euroko sarrera kobratuko zaie. Hamabi urte arteko haurrek eta langabetuek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.
Bestetik, artistei beren lanak elizaren alde emateko eskaera egin dute, ondoren enkantean saldu ahal izateko. Edorta Kortadi, Santa Maria elizako erretorearen esanetan, “ondare historiko eta kultural garrantzitsua da Santa Maria basilika; oso artelan baliotsuak daude bertan, eta ondare hau mantentzen lagundu nahi duen guztiaren ahalegina eskertuko dugu”.
Bisitari ugari etortzen denez eliza hau ikustera, Parte Zaharrari bizia ematen diola uste du Kortadik, beraz, auzoko ostalari eta dendariei ere beren ekarpena eskatu diete.
Laguntza oro eskertuko dutela adierazi dute, eta Santa Maria elizarekin lotura estua izan dezaketen herritarrei ere dei berezia egin diete. Bertan bataiatu, edo ezkondu diren herritarrei, adibidez. Edo, Koruko amabirgina denez eliza honetako ikur nagusia, Koro eta Jose Mari izena dutenentzako 500 euroko bono laguntzak egingo dituztela jakinarazi dute.
Jose Mari berriz, garai batean badaiari kanpotar ugariren bizitoki izan zenez portu ingurua, bertako herritarrekin bat egiteko edo, gehienek Jose Mari izena jartzen omen zietelako beren semeei.
Bitxikeriak bitxikeria, fededunen eta ondare kulturalaren aldeko herritarren ekarpen guztiak onartuko dituztela adierazi dute.
Kristautasunaren museoa
Bestalde, diruz larri dabiltzala onartu arren, 2016. urterako egitasmo bat gauzatu nahi dutela adierazi dute Munilla eta Kortadik.
Sacrum: Gipuzkoako eta munduko sakratua deituriko egitasmoa, Santa Maria elizako Santa Marta gunea museo bihurtzea litzateke.
Jainkoa, fedea eta erlijio kristauaren ikur diren 150 bat artelan eta osagarri dituzte gorderik, eta horiek erakusteko garaia dela uste dute. “Urteak dira kristautasunaren museo bat eraikitzeko nahian gabiltzala, eta orain dela unea uste dugu. Santa Maria basilika da museoa egiteko lekurik egokiena, eta horregatik, herritarren ekarpenak berritze lanak ordaintzeaz gain, museoa egiteko ere erabiliko genituzke”, adierazi du Munillak.