Azken eguzki izpiekin egingo dute korrika
Eguzkiaren aurkako lasterketa sortu du Loiolako Erriberako Soccer World elkarteak; hilaren 20an egingo dute kirol proba berria, gauez.
Zerbait desberdina eta freskoa egin nahi zuten, lasterketa berri bat. Apurtzailea, korrikalarien arreta eta ikusmina bereganatzeko modukoa. Loiolako Erriberako Soccer World elkarteak, hiriko kirol elkarte gehienek bezala, kirol proba bat antolatu nahi zuen. Uztailean egitea pentsatu zuten, hil honetan lasterketa gutxi dagoelako. Eta horrela sortu zuten Eguzkiaren aurkako lasterketa. Hilaren 20an, larunbatean, egingo dute lehen aldiz.
Gauez, 22:00etan, egingo dute kirol proba, eta korrikalariek azken eguzki izpien argiarekin egingo dute korrika. Bi lasterketa izango dira: bata, 5 kilometrokoa eta bestea 10 kilometrokoa. Irteera Soccer World elkartearen egoitzan bertan egongo da. Ondarretara iritsiko dira, 10 kilometroko ibilbidea egin ondoren.
Gaua iritsi baino lehen, klubean bertan festa egingo dute. Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte 17:00etan, eta ondoren clinic solidario bat egingo dute. Jaime Caballero igerilariak eta Asier Cuevas ultra-maratoilariak parte hartuko dute bertan.
Lasterketari buruzko informazio gehiago webgune honetan.