Donostia Kulturak 500 ikastaro baino gehiago jarri ditu aukeran datorren ikasturterako
Zerrenda osoa dagoeneko kontsultatzeko moduan dago, ordutegiekin eta lekuekin. “Eskaintza anitza izango da, bai edukiaren aldetik bai formatuari dagokionean ere”, aipatu du Txapartegik. Ikastaro gehienak urrian hasiko dira, eta izen ematea irailaren 10etik 24ra egin beharko da, bai kultur etxeetan bertan, bai Donostia Kulturaren webgunearen bidez ere. Aizpuruak gogorarazi du, ikastaroetan deskontuak izango dituztela langabeek, Gazte Txartela dutenek eta euskarazko ikastaroetan izena ematen duten euskaltegietako ikasleek, besteak beste. Gainera, izen ematea Internet bidez egiten duten guztien artean, 10 matrikula doan zozkatuko dituzte.
Literatura, ikus-entzunezkoak, sukaldaritza eta marrazketa izango dira ikastaroetako oinarriak, besteak beste, eta aurreko urteetan bezala, kultur etxe bakoitzak bere berezitasuna izango du: Lugaritz (antzerkia), Casares-Tomasene (irratigintza eta zeramika), Egia (dantza), Larrotxene (zinemagintza), Okendo (arte plastikoak) eta Ernest Lluch (literatura eta gaur eguneko gaiak).
Txapartegik azpimarratu nahi izan du aurten Donostia Kulturak Bertsozale Elkartearekin egin duen hitzarmena. Izan ere, bi erakundeen akordioari esker, bertsolaritza ikastaroak eskainiko dituzte hiru bertsolarik: Beñat Gaztelumendi, Manex Mujika eta Jokin Labaien, hiruak Donostiako bizilagunak.
Egile ikastaroak izaten dira arrakasta gehien izaten duten ikastaroak, antolatzaileen esanetan, eta horietako bat emango du hain zuzen ere Virginia Imazek. Zehazki, “Y que tenga derrepente” izena du ikastaroak, eta ipuinak kontatzen erakutsiko die ikasleei. Imazen esanetan, adin guztietako lagunak eman izan dute izena aurreko urteetan bere ikastaroan, eta oso pozik agertu da. “Ikasleak pixkanaka ireki egiten dira eta lotsa galtzen dute. Zoragarria da jendeari sorkuntzaren bilaketa horretan laguntzea”, adierazi du Imazek.
Donostia Kulturak 2013-2014 ikasturterako prestatutako ikastaroak aurkeztu dituzte, gaur goizean. Udaleko ordezkari Nerea Txapartegi, Donostia Kulturako Jon Aizpurua eta egile ikastaro bat emango duen Virginia Imaz izan dira aurkezpenean. Bertan azaldutakoaren arabera, 519 ikastaro eskainiko dituzte, horietako 289 euskaraz, 225 gazteleraz eta beste bost elebidunean. Ikastaro gehienak helduei eskainitakoak izango dira, 466 zehazki, baina, haur eta gazteei zuzendutako beste 53 ere izango dira aukeran.