Donostiarra, kaira iristen, larunbateko estropadaren ostean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Asteburuan gizonezkoen KAE-1 eta TKE, eta emakumezkoen Euskotren ligetako estropaden lekuko izan ostean, berriro ere arraun lehiaketarako eremu izango da Kontxako badia. Izan ere, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko dute bihar, 18:30ean, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan. Iaz, Hondarribia izan zen onena gizonezkoetan; eta San Juan, emakumezkoen artean. Donostiarra, etxeko trainerua, zazpigarren postuan sailkatu zen, 23 minutu eta 21 segundoko denborarekin.
Lehenengo emakumeen lehia jokatuko dute bihar, eta ondoren, gizonezkoena. Hurrenkera honetan aterako dira ontziak. Emakumezkoetan, lehen txandan, Hondarribia eta Zarautz; eta bigarren txandan, Zumaia, San Juan eta Hibaika. Gizonezkoetan, lehen txandan, Zarautz eta Hibaika; bigarren txandan, Zumaia, Trintxerpe, Getaria eta Donostiarra; eta hirugarren txandan, Orio, Hondarribia, San Pedro eta San Juan.
Irabazleei banderak eta sariak banatuko zaizkie kategoria bakoitzeko estropadak bukatu ostean, hartarako prestaturiko ontzi batean. Dominak, aldiz, ontziak lehorreratzean banatuko ditu federazioak, arranpa inguruan. Honako sariak banatuko dituzte, Gipuzkoako Txapelketako lehen sailkatuari, kategoria bakoitzean, bandera, txapela eta urrezko domina; bigarren sailkatuari, kategoria bakoitzean, zilarrezko domina; eta hirugarren sailkatuari, kategoria bakoitzean, brontzezko domina.