Erreakzio ugari sortu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoren desanexioaren inguruan abian jarri duen prozesuak. Atzo jakinarazi zuten, Igeldo Donostiatik bereizi edo ez erabakitzeko herri galdeketa bat egingo dutela urtea amaitu baino lehen.
Igeldoko sarrera erakusten duen kartela. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Erreakzio ugari sortu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoren desanexioaren inguruan abian jarri duen prozesuak. Atzo jakinarazi zuten, Igeldo Donostiatik bereizi edo ez erabakitzeko herri galdeketa bat egingo dutela urtea amaitu baino lehen.
Udal gobernuak bere aldetik, Igeldoko bizilagunek erabakitzen zutena errespetatuko zuela adierazi zuen ohar baten bidez. Berehala sortu dira oposizioko alderdien erreakzioak. EAJ, PSE-EE eta PP bat datoz, Foru Aldundiaren erabakia gaitzesterako orduan, eta Juan Karlos Izagirre alkatearen jarrera ere gogor kritikatu dute.
PSE-EEren erreakzioa
Ernesto Gasco. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ernesto Gasco, PSE-EEko zinegotziarentzat “oso kezkagarria” da Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen prozesua. Bere hitzetan, “Foru Aldundia interes politikoen arabera jokatzen ari da, eta gainera ez dagokio berari Igeldoren desanexioaren inguruan erabakiak hartzea, Parlamentuari baizik”.
Lurralde eremuak eta izaera zehazten dituen egungo foru arauaren arabera, gainera, gaur egun ez dagoela desanexioarako beharrezkoak diren ezaugarriak betetzen dituen auzorik gaineratu du Gascok, eta
“foru arauak errespetatzen badira, ezinezkoa dela Igeldo Donostiatik bereiztea”, adierazi du.
Bestalde, zinegotzi sozialistak gogor kritikatu du Izagirreren jarrera. Bere hitzetan, “Izagirre donostiar guztien alkatea da, eta ez da hala jokatzen ari; zein eskubiderekin igoko du Donostiako bandera San Sebastian egunean, Donostia bereiztearen alde dagoen alkatea batek?” esan du Gascok.
Hiriaren suntsiketa eta berreraikuntza gogoratzen den urte berean “hiriaren batasuna zalantzan jartzea lotsarria” dela ere adierazi du Gascok.
EAJren adierazpenak
Eneko Goia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eneko Goia, EAJko zinegotziak Igeldoren auzian “orain arteko isiltasuna” aurpegiratu dio udal gobernuari. “Sarritan saiatu gara Igeldoren izaeraren inguruan irtenbide bat bilatzeko neurriak adosten Bildurekin, baina orain arte ez dugu erantzunik jaso; eta bi urteko isitasunaren ondoren, bat batean desanexiorako prozesua dator”, adierazi du Goiak.
Ondorioz bi eskaera argi egin dizkie jeltzaleek udal gobernuari. Batetik, prozesuaren gaineko informazioa eman dezatela, eta bestetik, gaiaren inguruan aldeko edo kontrako jarrera argi bat adierazi dezatela. Gainera, udal gobernuak ez, baino udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztien ardura dela Igeldoren izaera aztertzea adierazi du Goiak.
Bestalde, herri galdeketa egitearen alde daudela esan du Eneko Goiak, baina herri galdeketak interes politikoekin erabiltzea salatu du;
“herri galdeketa egitearen alde gaude, baina ez Bilduk nahi duenean eta interesatzen zaionaren inguruan egitearen alde”.
PPren erreakzioa
Ramon Gomez. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ramon Gomez, PPk zinegotziaren esanetan “onartezina” da Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera:
“Igeldoren desanexioa aztertzekotan Donostiako udalak eta donostiarrek egin beharko lukete, eta ez Aldundiak”.
Bilduk ez duela “donostiar guztientzako agintzen” ere gaineratu du Gomezek. Bere hitzetan, “Izagirreri ahaztu egin zaio Donostiako alkatea dela, eta dagoeneko ez dela Itxas Aurre elkarteko lehendakaria”.
Bilduk bere “interes politikoak defendatzeko bakarrik” proposatzen duela herri galdeketa ere adierazi du Gomezek, “atez atekoaren gaiarekin ausartzen ez denean”.
Berriro ere Donostiak “aldaketa bat” behar duela adierazi du Ramon Gomezek, Bilduk “ez duelako donostiarren alde egiten, bere interesen alde baizik”.