Illunbe. (Argazkia: Nagore Koch)
Illunben zezenketak debekatu eta Donostiako udalerako kudeaketa txarra egiten duela iritzita, PPk salaketa jarri du udal gobernuaren aurka.
Ramon Gomez, PPko zinegotziaren arabera, hiru arrazoi argi dituzte salaketa jartzeko. Batetik, Illunbe zezen plaza bat izanik, zezenketak egiteko dela eta hauek debekatuta, “kultur jarduera baten bazterketa” egiten dela uste dute.
Bestetik, Illunberi beste erabilera bat emateko udal gobernuak zehaztu zituen baldintzak ez direla “bidezkoak eta juxtuak” adierazi du Gomezek. Eta jarritako baldintzekin, udalerako diru iturri garrantzitsu bat zena nabarmen gutxitu dela. “Illunbe erabiliko duen enpresak abuzturako ez du jarduerarik antolatu adibidez; zezenketek aste batean sortutako diru sarrerek, Bilduren gobernuak kudeatu duen sistemak uda osoan sortuko dituen sarrerak bikoizten dituzte”. Beraz, “Bilduren kudeaketa txarra dela eta, udala dirua galtzen ari da”, adierazi du Gomezek.
Azkenik, udal gobernuak ezin duela legezkoa den jarduera bat nahieran debekatu esan dute PPko ordezkariek. “Zezenketak legezkoak dira, eta Bilduri gustatu edo ez, zezenketak ospatzeko eskubidea dugu donostiarrok”, adierazi du Gomezek.