Administrazioa euskalduna izango dela bermatuko du bosgarren Euskara planak
Udal gobernuak datorren asteko udalbatzarrean aurkeztu behar zuen Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plangintza aldia, baina PSE-EE, PP eta EAJ alderdiek betoa jarri diote asmo horri, eta gaur egin dute aurkezpena.
Juan Karlos Izagirre alkatea, Nerea Txapartegi euskara arduraduna eta Edurne Otamendi, Euskara zerbitzuko zuzendaria izan dira aurkezpenean. Bosgarren Euskara Planak bost urteko iraupena izango du, eta helburua herritarrei Administrazioarekin, ahoz nahiz idatziz, euskaraz aritzeko aukera bermatzea izango du.
Izagirreren esanetan, “udal gobernuaren lehentasuna euskara babestea, normalizatzea eta erabilera sustatzea izan da hasieratik; ildo horretan, bosgarren plan hau ausarta izango da, helburu eta neurri zehatzak izango dituena, herritar orori euskaraz egiteko aukera bermatuko diona”.
Euskararen erabilera normalizatzeko bidean administrazioak eredu izan behar duela uste du Izagirrek. Nerea Txapartegi, euskara arduradunaren arabera, berriz, “30 urte badira euskara ofiziala dela Euskal Autonomia Erkidegoan, baina erakunde publikoek ez dute izaera hori garatzeko neurri egokirik hartzen oraindik”. Aurrera pauso nabarmenak eman direla onartu du, baina “oraindik lan asko dagoela egiteko” adierazi du Txapartegik.
Euskara plan berriak udal administrazioaren esparru guztietan euskararen erabilerarako jarraibideak zehaztuko ditu. Jarraibide hauek administrazioaren jarduera bakoitzean hizkuntza ofizialen erabilera finkatzen dute, eman beharreko urratsak zehaztuz, beti ere, euskara lehentasunezko hizkuntza izango dela bermatuz.
Nerea Txapartegik zehaztu du hizkuntza jarraibideak ezartzeaz gain, hauek betetzen direla bermatzeko ezinbestekoa izango dela langileen euskalduntzea. Bere hitzetan, “nekez egin ahal izango da aurrera helburu hauetan langileek beren lana euskaraz egiteko gaitasunik ez badute”. Donostiako udalak 1.316 lanpostu ditu, eta horietatik 781 lanpostuk dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna. Plana onartzen denean, 951 lanpostuk izango dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna.
Bestalde, udalarekin kontratazioak dituzten enpresek ere euskarari lehentasuna eman beharko diote, kontratazio publikoen oinarrietan hizkuntza irizpideak sartuko baitituzte.
Txapartegik nabarmendu du plan hau aurrera eramateko langileen ordezkariekin, alderdiekin eta euskalgintzako ordezkariekin bilerak egin dituztela, euren ekarpenak jasotzeko. Euskara plana departamentu guztietan ezarriko da, eta departamentu bakoitzak bere gain hartuko du euskararen erabilera kudeatzeko eskumena. Lan horretan, aurreko planean bezala, zuzendaritza erabilera batzordeak sortuko dituzte, planaren jarraipena egiteko, eta helburuak betetzen direla ziurtatzeko.