Errauste plantak baimen guztiak ditu, Jaurlaritzak dioenez
Gipuzkoako errauste plantak «legez eskatzen diren baimen guztiak» dauzka, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu duenez. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA sozietate publikoak ostiralean eten zituen Zubietako errauste plantaren lanak, egungo proiektua ez delakoan ingurumen baimen bateratua jaso zuen proiektu bera. Aldaketak egin zizkiotela eta haien ingurumen eragina ez dela aztertu argudiatu zuen GHK-k joan den astean. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo berretsi zuen ingurumen baimen hori indarrean dela.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2010eko apirilean eman zion ingurumen baimen bateratua Zubietako errauste plantaren proiektuari. Baimen horrek indarrean jarraitzen duela esan zuen atzo Erkorekak. «Egia da harrezkero galdera batzuk jaso direla, baina ez dira bete beharrekoak juridikoki, eta ez dute aldatzen ingurumen baimenaren edukia», zehaztu zuen Jaurlaritzaren bozeramaileak. Hala ere, Erkorekak onartu du eskaera bat jasoz gero Jaurlaritzak berriro aztertuko lukeela ingurumen baimena.
GHK-k Erkorekari erantzun dio Jaurlaritzak ez diola berri ofizialik bidali, baina, «legea eskuan hartuta», obraren sustatzaileak edo ingurumen baimena ematen duen erakundeak obrak gelditzeko aukera dutela. Zubietako errauste plantaren kasuan, lehiaketara atera zuten proiektuan, hasierako proiektuarekin alderatuta, aldaketa «nabarmenak» egin zituztela berretsi du sozietate publikoak. «Aldaketa horiek ez dira azalekoak, ingurumenari eragiten baitiote». Zepak eta errautsak tratatzeko azpiegiturak desagertzea eta eraikuntza hiru metro gorago egitea larritzat jo du, ostera ere, GHK-k
Erlazionatutako edukiaErrauste planta eraikitzea legez kanpo jokatzea litzatekeela esan du Intxaurrandietak