Piratek Zuloaga plazan hasiko dute aurten abordatzea
Aste Nagusirako gero eta gutxiago falta da, eta Piratek aurtengo leloa, kartela eta hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte.
Parte hartuz Donostiarron sareak josiz izango da aurtengo mezu nagusia. Izan ere, Piratek barne hausnarketa sakona egin dute azken urtean eta herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute. Markel Ormazabal, Piraten bozemaileetariko baten arabera, “jaiak ez dira ezer herritarren parte hartzerik gabe, eta parte hartze hori eratzailea izan behar du gainera”.
Donostiako Piraten lehen abordatzetik 11 urte pasa direla gogoratu dute, eta herritarren mugimendu nabarmena lortu badute ere, “antolamendu eredua aldatu eta herritarra bihurtu beharra dagoela jaien protagonista”, aldarrikatu dute.
Horretarako, Kofradiak osatzeko deia egin dute Piratek. “Aste Nagusi asko biltzen dituen Aste Nagusi bat lortu nahi dugu; egitarau bakarra beharrean hamaika egitarauz osaturiko jaia dugu helburu, hori baita jaiaren benetako arrakasta”, adierazi du Ormazabalek, eta hamaika urte hauetako ahalegin guztiak ‘zuk zeuk egin’ leloak bideratu dituela.
Iaz sortu zen lehen kofradia, Eskifaia gazte kofradia, eta dagoeneko badira beste bi. Pirata bihurrien kofradia eta datozen egunetan aurkeztuko duten hirugarren bat. Kofradia bat osatzeko gutxienez 40 lagun behar dira, eta taldea bereizten duen txalekoa, Pirata guztiek daramaten zapi beltzaz gain.
Aurtengo berrikuntzak
Oraindik Aste Nagusi Pirataren egitarau osoa aurkeztu ez badute ere, aurtengo berrikuntza nagusiak azaldu dituzte prentsaurrean.
Hasteko, hiriaren erreketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurrena dela eta, abordatze berezia egingo dute. Abuztuaren 10ean, Zuloaga plazan elkartuko dira Piratak gaueko 21:00etan. Kairako bidean, Abuztuaren 31 kalean geratu eta omenaldia egingo diete donostiarrei, hiriak jasandako erasoa gogoratuz. Donostia Sutan elkarteko kideek ere omenaldiarekin bat egingo dute.
Bestetik, Zero Zabor filosofiarekin bat eginez gaikako zabor bilketa sistemak jarriko dituzte Piraten gune guztietan, eta berrerabiltzeko edalontziak banatuko dituzte.
Azkenik, kofradien sorrerarekin batera, Abordaia Txikia indartu nahi izan dute aurten. Iaz igerileku bat jarri zuten Kaian, baina aurten Aquarium parean uretara salto egiteko aukera izango dute hala nahi duten pirata txiki guztiek.
[box]
Jarduera nagusien artean, honakoak nabarmendu dituzte:
-Abuztuaren 10ean: Txupinazoa, Matti eta Ezkilaren etorrerarekin.
-Abuztuaren 11an: Urgullera igoera eta erromeria.
-Abuztuaren 12an: Abordatzea. abordaia@gmail.com helbidean eman beharko da izena, abuztuaren 1a baino lehen.
-Abuztuaren 13an: dantza eta kantu herrikoiak.
-Abuztuaren 14an: jolasak adin guztietako herritarrentzat. Izena eman beharko da eskifaiakofradia@gmail.com helbidean.
-Abuztuaren 15ean: bihurrikeriak egiteko eguna.
-Abuztuaren 16an: kuadrillen eguna.
-Abuztuaren 17an: surf ikastaroa eta pilota partidak Trinitate plazan.
-Abuztuaren 18an: Irrikitaldia.
[/box]