Grosen jarri duten ohol informatiboa. (Argazkia: Donostiako udala)
Udalak ohol informatiboak jarri ditu hiriko beste bost auzotan. Herri mugimenduek eta auzotarrek informazioa trukatzeko da gune hauen zeregina.
Amara Berrin (Madril Etorbidea), Igeldon (frontoiaren aurrealdean), Grosen (San Frantzisko kalean), Intxaurrondon (Txaparrene pasealekuan) eta Añorgan (Etorbidean) jarri dituzte oholak. Beraz, dagoeneko hamar dira ohol informatiboak dituzten auzoak.
Iaz Altza-Herrera, Amara, Egia, Loiolako Erriberak eta Ibaetan jarri zituzten, eta izan duten harrera ona ikusita, auzo gehiagotara zabaltzea erabaki du udal gobernuak. Gizarte mugimenduek eta herritarrek garatuko dituzten jarduera, eta proiektuen berri eman ahal izango dute bertan.
Axier Jaka Partaidetza zinegotziak adierazi duenez “herritarrek kalea bereganatzea eta eurena dela sentitzea” da egitasmo honen asmoa. Bere hitzetan, “behin baino gehiagotan esan izan dugu udal gobernu honen ardatzetako bat partaidetza dela. Egunero egunero ari gara herri partaidetza aintzat hartzen duten udal politikak garatzean. Prozesuak, kanalak, guneak eta elkarren artean jarduteko forma berriak zabaltzen ari gara. Eta hauek guztiak gertutasunean, aniztasunean, gardentasunean, eta informazioaren kudeaketa demokratikoan oinarritzen saiatzen gara. Azken batean, politika egiteko eredu berri bat sustatzea da helburua, konfiantza oinarri hartuta, ardurak partekatzeko eta udala eta herritarren artean erlazio berriak sortzeko”.
Udal gobernuak, partaidetza sustatzeko bidean, hainbat jarduera eta mekanismo jarri ditu abian orain arte. Neurri honekin beste urrats bat eman du herritarrak eta herri mugimenduak boteretzearen bidean, izan ere, elkarte eta herri mugimenduen sare autonomo, kritiko, sortzaile, inplikatu, arduratsu eta zabala indartzea da udal gobernuaren asmoa.