(Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Udaletxeak eta Eusko Legebiltzarrak HMEI (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea) aplikatzeari buruzko mozioak aurrera eraman ditu. Hala ere, Kutxabankek ez du ezer esan, eta honen aurrean Stop Kaleratzeak kolektiboak eta HMEIaren kaltetuen plataformak Kutxakanp kanpamendua antolatzea erabaki dute.
Gipuzkoako beste hainbat herrietan ere aurrera eraman diren mozio hauek guztietan Espainiako gobernuari indizea behin-betiko desagertzea eskatu diote eta Kutxabanki, HMEIaren ordez, Euribor +1 aplikatzea. HMEIa ezartzeak, kasu askotan, hilabeteroko mailegu-kuota 300 eta 400 euro bitartean garestitzea suposatzen du eta horren ondorioz, kaleratzeen arriskua handitzen da.
Eskaera hauek kontuan hartu ez direnez, larunbat honetan, hilaren 20an, 11:30etan
Kutxakanp izeneko kanpamendua antolatuko dute Bulebarrean. Ekintza honen bitartez maileguekin jasaten ari diren arazoa salatu nahi dute eta kaltetu guztientzat irtenbidea eskatu. Bertan, jendeari informazioa eta laguntza eskaintzeko asmoz, zenbait tailer, ekintza eta antzerki egongo dira. Gainera, HMEI indizeagatik kaltetuak izan diren pertsonak ere hitz egingo dute.